Artxibatu ezin diren testigantzak, argitara

Uztarria.eus | Politika | Artikulua
2017-10-24 13:26

Bi urte inguruan egindako lanak eman du bere fruitua, eta gaur, urriak 24, aurkeztuko dute Pasaiako Badia dokumentala Xabier Otamendik, Yuri Agirrek eta Erik Aznalek, 20:00etan hasita, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan. Aurrez ikusi gabeko irudiak eta inoiz entzun gabeko testigantzak bildu dituzte ordu eta zazpi minutu irauten duen ikus-entzunezkoan. Dokumentalaren finantzaketa kolektiboan lagundu zutenek Internet bidez dokumentala ikusteko aukera izan zuten bart gauean. Ikus-entzuleek plazaratu dituzte aurreneko erreakzioak sarean, eta lana "hunkigarria", "ona" eta "beharrezkoa" dela diote. Estreinaldiaren atarian, "urduri baina oraindik sinetsi gabe" daude dokumentalaren egileak. 

'Pasaiako Badia' dokumentalaren grabaketetako irudi bat. (Oinatzak Produkzioak)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Pantaila handira iritsiko da gaur, urriak 24, Pasaiako Badia dokumentala. 1984ko martxoaren 22an Pasaian gertatutakoa jasotzen du Yuri Agirrek, Xabier Otamendik eta Erik Aznalek ekoiztutako ikus-entzunezkoak. Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zitun Pasaiako badian. 

Duela 33 urte jazotakoaz dokumentala egiteko ideia "aspaldi" piztu zitzaiela kontatu dute egileek. Yuri Agirre hasi zen proiektuarekin lanean, eta hark dio Pasaiako segadan hildakoen senideek dokumentala egitearen ideia buruan zutela ordurako. Geroxeago batu zen proiektura Xabier Otamendi, eta Agirrek eta biek Oinatzak Produkzioak ekoiztetxea jarri zuten martxan. Ondoren batu zen taldera Erik Aznal.  

1984ko martxoaren 22 hartan Pasaian jazo zena "fikziozko istorioa gainditzen duen gertakaria" da Agirreren arabera: "Elementu narratibo asko ditu, eta dokumentala osatzeko aproposa izan zitekeela pentsatu genuen. Gainera, ezagutzen genuen gaia, herrian entzunda. Gertatutakoak duen larritasuna ikusita, Pasaian jazotakoa gizarteratzea zen gure helbura, kazetaritzatik eta ikus-entzunezkoetatik, gure arlotik, ekarpena eginda". 

Proiektu "potolo" bat egiten duten aurreneko aldia izan da, eta "finantzazio, komunikazio eta produkzio lanen konplexutasunaren ondorioz", urratsak "poliki-poliki" egin dituzte. "Gauzak nola egin ikus-entzunezkoa egiten ari ginen bitartean ikasi dugu. Esperientzia duen jendearekin bilerak egin ditugu, eta edozein pauso eman aurretik, gaiaz jakintza zuten lagunekin hitz egin dugu. Jende asko izan dugu bidelagun, tartean Patxi Azpillaga azpeitiarra. Ibon Toledoren eta Idoia Sanchezen lana ere ezinbestekoa izan da, eta Koldo Eizagirrek ere lagundu digu", kontatu dute egileek.

Prozesu luzea, eduki mamitsua

Guztira, bi urte baino gehiago behar izan dituzte gaur argia ikusiko duen dokumentala ontzeko. "Prozesu luzea, eta une askotan, gogorra" izan dela esan du Otamendik: "Ez gara talde profesionala. Gu ere ikasten jardun gara etengabe, teknikoki akatsak egin ditugu eta nekeak ere eragin du, baina lortu dugu aurrera ateratzea". Horri lotuta, egileek diote grabaketa egunak "gogorrak bezain ederrak" izan zirela. 

2016ko azaroan, dokumentala egin ahal izateko finantzaketa kolektiboa jarri zuten martxan Agirrek, Otamendik eta Aznalek. Haien erronka zen 40 egunetan 8.000 euro lortzea, ikus-entzunezkoaren gastuen zati bati aurre egiteko. "Uste baino lehen" lortu zuten helburua, eta hori "izugarrizko bultzada" izan zela diote. "Crowdfundingaren emaitzak motibatu egin gintuen. Izan ere, laugarren egunerako bete genuen hasieran jarritako helburua. Horrek esan nahi du jendea proiektuarekin interesatuta dagoela eta proiektua aurrera atera dadin bere alea jartzeko prest dagoela", azaldu dute egileek. Gainera, finantzaketa kolektiboa martxan jartzeak komunikabideetan "lekua egiten" lagundu dietela uste dute. 

Dokumentalaren edukiaz galdetuta, "orain arte ikusi ez diren irudiak eta inoiz entzun gabeko testigantzak" jaso dituztela aurreratu dute. "Ez dago protagonista zehatzik, eta asko dira elkarrizketatuak", dio Otamendik. Espainiako Poliziak hildako Dionisio Aizpuru Kurroren eta Pedro Mari Isart Pelitxoren senideen nahiz Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarren familien testigantzak jaso dituzte.  Carlos Garaikoetxea hilketak izan ziren garai hartan lehendakari zenaren esanak ere badira dokumentalean, baita Santi Gonzalez familiako abokatuaren, Miguel Castells Azpeitiko Udalak akusazio partikular gisa hartutako abokatuaren eta Enrique Villarreal El Drogas musikariaren lekukotzak ere. Pasaiako segada jazo zenean gobernuan zegoen PSOEko ordezkariekin harremanetan jartzen saiatu ziren egileak, baina ez dute erantzunik lortu. Dena den, elkarrizketatu dituzten pertsonek "erantzun argiak" eman dituztela dio Agirrek, eta adierazi du inor ez dela "hanka motz gelditu".

Egindako lan guztia jendaurrean aurkezteko atarian, "urduri baina oraindik sinetsi gabe" eta "gogotsu" daudela esan du Aznalek. Izan ere, Oinatzak osatzen duten hiru kideen helburua da 1984ko martxoaren 22an Pasaian zer gertatu zen ez dakiten pertsonengana iristea. 

Gogora fundazioak eta Berriak babestu dute Pasaiako Badia dokumentala, eta Uztarria Komunikazio Taldeak ere laguntza eman dio proiektuari.  

Azpeitira, ostegunean

2.000 kartel inprimatzeko eskatu zuten inprimategian, eta afixez bete dituzte herriko kaleak. Gainera, gaia herriratzea xede, Pasaiako Badiaren hiru emanadi eskainiko dituzte asteburuan, eta ostegunean izango da aurreneko saioa. Aurkezpen emanaldi horretan izango dira Agirre, Otamendi, Aznal eta Pasaiako segadan hildakoen senideak. Igandean eta astelehenean ere emango dute ikus-entzunezkoa Soreasu antzokian. "Herritarrek erantzungo dutela espero dugu" diote egileek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa