Fiskalak 13 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Eneko Ibargurenentzat

Uztarria.eus 2017ko urr. 23a, 19:21
Eneko Ibarguren aske utzi ostean plazan egin zen kontzentrazioan.

Herrirako kidea zen Ibarguren, eta 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak elkarte horren aurka egindako operazioaren barruan. Talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatu diote Ibargureni, eta kartzela zigor eskaeraz gain, 4.800 euroko isuna eta gaitasungabetzea galdegin du azpeitiarrarentzat. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatzen diete auzipetuei, eta oraindik ez dute jakinarazi epaiketaren data.

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 48 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Abokatuak nahiz Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako kideak dira auzipetuak, eta tartean da Eneko Ibarguren azpeitiarra.

Epaiketarako datarik jakinarazi ez badute ere, fiskalak zigor eskaerak egin ditu dagoeneko: 8 eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetuentzat. Ibarguren Herrirako kidea zen, eta 13 urte eta 6 hilabeteko espetxeratzea eskatu du fiskalak harentzat, talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatuta. Gainera, 4.800 euroko isuna eta 8 urteko inhabilitazioa eskatu ditu, eta kartzelaldia bukatzean, 48 auzipetuek 4 eta 8 urte bitartean igaro beharko dituzte zaintzapean.

Auzipetuetako batzuek agerraldia egin zuten larunbatean Donostian, eta haiei babesa ematen bertan izan ziren,  besteak beste, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Ekhiñe Atorrasagasti kazetaria. Auziak "kezka" sortzen diela esan zuten: "Horrelako makrosumarioek Euskal Herriko bizitza sozialean eta politikoan izan dezaketen eraginak arduratu egiten gaitu". Horregatik, "ezberdintasun ideologikoen gainetik eta nork bere esparrutik", salaketa egitasmoetara batzeko deia egin zieten eragile politikoei, sindikalei nahiz instituzionalei.

2012tik 2014ra artean terrorismo delituak egin izana leporatzen diete 48 auzipetuei, nahiz eta auzi bidean jarri dituzten elkarteak nahiz abokatuak euskal presoen eskubideen defentsan aritu diren lanean. "Bakearen alde lan egin dute, modu publikoan eta transbertsalean", azaldu zuten agerraldian. Auzipetuek "giza eskubideen defentsan, demokraziaren alde eta etorkizun kolektibo hobe baten alde" aritzeko hartutako konpromisoa berretsi zuten.

Ibarguren 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herriraren kontra egindako operazioaren barruan; "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Lau egun beranduago, urriaren 3an, utzi zuen aske orain auzipetzea agindu duen Velasco epaileak berak. Egun berean harrera egin zioten Azpeitian; eta hurrengo egunean, berriz, elkarretaratze jendetsua izan zen plazan, Ibargureni babesa agertzeko eta presoen inguruko mugimenduaren kontrako erasoa salatzeko.

2015eko urtarrilean, berriz, 2013ko Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako guztiak deklaratzera deitu zituzten, tartean Ibarguren, langileen aurkako delitua egotzita. 11/2013 sumarioa da Velascok orain irekitakoa eta, hor, aparteko pieza modura sartu du auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotuta. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.