Asteazkenera arte eman daiteke izena 'Larrialdi juridikoaren botikina' tailerrean

Uztarria.eus 2017ko urr. 23a, 18:06

Saioak asteazkenetan eskainiko dituzte, 16:30etik 18:30era bitartean. Tailerrean izena emateko ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzi behar da.

Luzatu egin dute Udalak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako Larrialdi juridikoetarako botikina tailerreko izen-ematea. Ikastaroan parte hartzen dutenek egunerokoan sor daitezkeen "zuzenbidearen beharrei" erantzuteko tresnak eskaini nahi dizkiete ikasleei.

Tailerrean honako gai hauekin lotutako edukiak jorratuko dituzte nagusiki: testamentuak eta herentziak; ezkontzaren araubide ekonomikoa likidatzeko prozesua; auzotarren elkarteko arazoak; kontsumoko eta bidaia konbinatuetako gatazken erreklamazioa; aseguruekin eta erantzukizun zibilarekin zerikusia duten gaiak; etxeko lanak egiteko kontratazioaren inguruko zalantzak; ondarea kapitalizatzeko bideak: hipoteka alderantzikatua eta antzeko figurak eta higiezinak denbora partekatuan erabiltzeko aukerak. Hala ere, azpimarratu dute, jorratu beharreko gaien aukera "pertsonalizatuta" egongo dela, hau da, "ikasleen interes eta lehentasunetara egokituta". 

Saioak asteazkenetan izango dira (urriaren 25ean eta 30ean; azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 29an eta abenduaren 13an) 16:30etik 18:30era bitartean. Baigerako laugarren solairuan eskainiko dituzte eskolak.  

Bi modutara eman daiteke izena: ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin harremanetan jarrita (udaletxeko 2. solairua). Prezioei dagokionez, ikastaroa 16,8 euro ordaindu beharko dute Azpeitian erroldatuta daudenek, eta gainerakoek 21 euro.