Manuel Unanuek ireki du Gipuzkoako Xake Txapelketaren bigarren jardunaldia

Uztarria.eus 2017ko urr. 23a, 18:20

Joan den zapatuan, urriaren 21ean, jokatu zen Gipuzkoako Xake Txapelketaren bigarren jardunaldia, Azpeitian. Ohi bezala, Xake Taldeak Baigerako laugarren solairuan duen egoitzan jokatu zituzten partida guztiak, baina zapatuko hitzorduak izan zuen berezitasunik. Izan ere, Manuel Unanue zinegotzi ohia arduratu zen jardunaldiaren hasieran ohorezko mugimendua egiteaz.

Iñaki Uranga Azpeitiko Xake Taldeko kideak azaldu duenez, Unanuek "bultzada handia" eman zion klubari taldea osatzeko garaian, eta horregatik egin diote aipamena joan den asteburuko jardunaldian. Unanuek egindako ohorezko mugimenduaren ostean hasi ziren xakelariak txapelketako partidekin.

Azpeitiarren artean, goreneko bi mailetan "emaitza onak" izan zirela azaldu du Urangak. Aitor Priyak (absolutu mailan) Patxi Isasmendik (eskualdeko bigarren mailan) eta Eneko Alberdik (eskualdeko bigarren mailan) beren partidak irabazi zituzten. Xabier Altunak, aldiz, berdinketa lortu zuen.

Eskualdeko Hirugarren Mailan emaitza gazi gozoak jaso zituzten herriko gaztetxoek. Aitor Elustondok eta Osama Maraguik soilik lortu zuten beren partidak irabaztea. Aner Alonsok berdinketa lortu zuen, eta Julen Urangak, Gorka Urangak, Alain Mateosek, Markel Zubimendik nahiz Luis Andoni Lazkanok partidak galdu zituzten.

Hirugarren jardunaldia, zapatuan

Datorren zapatuan, urriaren 28an, jokatuko danGipuzkoako Xake Txapelketaren hirugarren jardunaldia, 16:00etan hasita, Baigerako laugarren solairuan. Aitor Priya azpeitiarrak Jon Arana eibartarraren aurka jokatuko du, Patxi Isasmendik Getariako Jaime Arocenaren aurka, Eneko Alberdik Markel kerexeta elgoibartarraren aurka, Xabier Altunak Mikel Fidalgo elgoibartarraren aurka.

Eskualdeko Hirugarren Mailan berriz, Aitor Elustondo azpeitiarra Fracisco Javier Palencia getariarraren aurka arituko da, Julen Urangak parez pare izango du Judith Goenaga azkoitiarra, Juan Carlos Fernandez Aitor Beorlegi eibartarraren aurka arituko da, Osama Maragui Aner Alonso azpeitiarraren aurka, Luis Andoni Lazkano Oier Garcia eibartarraren aurka eta azkenik Alain Mateos Gorka Uranga azpeitiarraren aurka. Markel Zubimendik atsedena izango du, txapelketara aurkeztu diren jokalari kopurua bakoitia delako.