Aurreneko gailurra ukitu du 'Annapurna II 1986' proiektuaren finantzaketa kolektiboak

Uztarria.eus 2017ko urr. 22a, 19:29

Paradisu Zinema zineklubak eta Kulturaz kooperatibak irailean jarri zuten aurreneko erronka bete dute. Lortu dituzte Annapurna II 1986 proiektua finantzatzeko 10.000 euroak. Gaur, urriak 22, eman dute horren berri, eta eskerrak eman dizkiete egitasmoa babestu duten guztiei. 

Annapurna II 1986 proiektuak bi xede ditu. Batetik, 1986an Annapurna mendia igotzeko eginiko saiakera jasotzen duen dokumentala berreskuratzea, eta, bestetik, hura gertatu zedin egon ziren arrazoiak eta zailtasunak jasotzen dituen dokumental berri bat egitea, protagonisten adierazpenak jasota. Hori guztia egin ahal izateko 24.500 euro inguru behar dituzte. Horregatik, beste 40 egun izango dituzte tontorrera iristeko.