Iñaki Aiertzak jantzi du Urrakiko Igoerako txapela

Uztarria.eus 2017ko urr. 22a, 18:32
Iñaki Aiertza, (ezkerretik laugarrena) familia eta talde teknikoko lagunekin. (I.A)

Euria izan da lasterketako protagonistetako bat, baina hori ez da Aiertzaren kalterako izan. Hark azaldu duenez, "proba konplexua" izan bada ere, lasterketa hasi den unetik "sentsazio oso onak" izan ditu. 

Azpeitian gelditu da autoen Urrakiko XXXV. Igoerako txapela. Izan ere, Iñaki Aiertza azpeitiarra (Lancer Evo IX) nagusitu da gaur, igandea, jokatu den auto lasterketan. Guztira, 60 pilotuk zuten izena emanda probarako, eta azpeitiarra sailkatu da aurrena, 03:30.370 denbora eginda.

Aiertzak kontatu duenez, eguraldiaren ondorioz "lasterketa konplexua" izan da gaurkoa: "Lehenengo mangan auto batek olioa galdu du motorretik. Errepidea oso irristakor zegoen, eta susto txiki bat izan dut. Ondorengo itzuliak ere nahasiak izan dira, baina hobeto joan dira". Konturatzerako, aurrena zihoan azpeitiarra, eta lasterketa amaitzean "izugarrizko sorpresa" hartu duela nabarmendu du Aiertzak. Garaipena "pozez" hartu duela azpimarratu du. 

(Aiertza saria jasotzen. I.A)

Euria izan da lasterketako protagonistetako bat, baina hori ez da gidari azpeitiarraren kalterako izan. Hark azaldu duenez, proba hasi den unetik "sentsazio oso onak" izan ditu: "Autoa primeran moldatzen da euritan, eta asko gozatuarazi dit gaurkoan, pista lehorrean baino gehiago".

Sailkapenean bigarren gelditu da 2016an Espainiako txapeldun izan zen Joseba Iraola (Norma M20), eta Jose Antonio Fombona (Lamborghini Huracan) asturiarrak osatu du podiuma. Laugarren postua Durangoko Eneko Goirienak (BMW M3) lortu du. Bosgarren sailkatu da Gurutz Agirretxe errezildarra, BMW M3 autoarekin. Iñaki Aiertzak nabarmendu du errezildarrak "lasterketa oso ona" egin duela. 

Euskadi Irratiako Hiru Erregeen Mahaia saioak ere hitz egin du Aiertzarekin, eta han egin dioten elkarrizketan azaldu du espero ez zuen "ametsa" bete duela.

Beste urte batez, Lagun-Artea eskuderiak antolatu du 6,7 kilometroko izan dituen proba. Euskal Herriko Mendi Txapelketako azken lasterketa izan da.