Julen Badiola: "Neure kabuz ikasi dut soinua eta panderoa jotzen, belarriz"

Uztarria.eus 2017ko urr. 20a, 15:11
Julen Badiola 'Maltzeta'. (J. B.)

Hirugarren Trikigiro jaialdia egingo dute gaur Azpeitian, eta, bertan, lehen aldiz saio bat eskainiko du Julen Badiola Maltzetak (Azpeitia, 1999), Itzeder, Txibilter, Garixe eta Montterekin batera. Urrutikoa ez den arren, ez du familiakoa Juan Garate Maltzeta zena.

Ilusio berezia egiten al dizu lehen aldiak?

Bai, gainera, talde ederra elkartu gara. Orain arte beti talde ezagun bat ekartzen genuen jaialdira, eta kito; denok hari begira egoten ginen. Baina, aurten, erabaki dugu taldetxo bat elkartu eta erromeria kurioso antzeko bat egitea. Nik panderoa joko dut. Ea zer irteten den.

Ondo entrenatu al duzue?

Jardun dugu pixka bat; entsegu batzuk egin ditugu batean eta bestearen txabola- eta.

Zeure kabuz etxean panderoa eta soinua jotzen ikasi duzu. Nola lortu duzu hori?

Afizioa dugu eta, eta jardun eta... Duela pare bat urte hasi nintzen panderoa jotzen, eta soinua ikasten, duela urte eta erdi inguru. Momentuz, behintzat, panderoarekin hobeto moldatzen naiz. Bere garaian solfeoa-eta ikasi nuen, baina ja ez naiz partiturak irakurtzeko gai, eta belarriz ikasi dut dena.

Nola egiten duzu hori? Kantu bat jarri, eta hura kopiatzen saiatzen zara?

Hori da. Botoi bat probatu, eta "hau ez duk ba!", eta bestea probatu, eta "hauxe izango duk ba!". Horrelaxe aritzen naiz.

Zenbat ordu sartzen dituzu panderoarekin eta soinuarekin?

Etxean, egunero pixka bat jotzen dut: batzuetan ordu erdiz; hurrena hogei minutuz; beste batzuetan, bazkalondoan jarri eta ordubete agian... Haizeak nondik jotzen didan; horren arabera.

Honezkero etxekoak pixka bat aspertuko ziren...

Bai, etxekoak, etxepekoak eta denak.

Trikitia ikasten bazenuen, amamak soinua oparituko zizula esan zizun.

Bai, eta halaxe izan da. Lagun baten soinuarekin hasi nintzen ikasten, eta amamak oparitu egin zidan gero. Ilusio ederra egin zion trikitia jotzen ikasi nuela ikusteak. Hura ere zalea da eta...

Hura al da zure jarraitzailerik handiena?

Agian, bai. Attitte ere jarraitzaile handia dut, baina amama ere bai.

Dantzan ere aritzen omen zara.

Bai. Sahatsa dantza taldeko kidea naiz orain. Bere garaian, txapelketetan lehiatzen nintzen, Luix Beltzarekin ere aritzen nintzen txikitan... Izatez, dantzan hasi nintzen, eta gero etorri ziren panderoa eta soinua.

Trikitiaren munduan, denetarik gustatzen zaizu, beraz. Nondik datorkizu afizioa?

Aitaren aldeko familiatik, oso trikiti zaleak dira. Attitte Maltzetakoa da, eta ondoko baserrian, Maltzeta-Etxetxon, beti aritzen zen soinua jotzen [Juan Garate] Maltzeta zena. Amama, berriz, dantzan aritzen zen, eta hiru osaba ere dantzariak dira. Beti saltsa horretan ibiltzen gara.

Gaurkoan Maltzeta berriro ere plazara irtengo da, beraz. Beste Maltzetaren parekoa izatera iritsiko al zara?

Nahi nuke, baina nik uste dut oso zaila edo ezinezkoa izango dela.

Garrantzitsua al da Trikigiro bezalako jaialdiak antolatzea trikitiaren transmisioa bermatzeko?

Bai, ze bestela gazteek ez dute aukerarik izaten soinua eta panderoa jotzera irteteko, eta gazteek ez badute segitzen alfer-alferrik izango da. Horrelako egun bat antolatzen duzu, eta kalejira, gazteen saioa, afaria... Giroa, behintzat, ziurtatuta egongo da.