Esperientzien azoka berritzailea

Gipuzkoako Hitza 2017ko urr. 20a, 13:20
Elikagunea, maketa gisa aurkeztuta. (Elikagunea)

Azpeitiko Udalak Elikagunea agrodenda irekiko du urte amaierarako, Azoka plaza berritzearekin batera. Lehen sektorearen bideragarritasuna bermatzeko proiektua da.

Urola erdialdeko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko lehen sektoreko produktuak identifikatu eta eskuragarri izateko saltoki iraunkorra: horixe izan nahiko luke urte amaierarako Azpeitiko Azoka plazan eraikitzekoak diren Elikaguneak, “jatorria, gardentasuna eta erosketa esperientzia pertsonalizatuak” oinarri hartuta. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Euskara, Kultura, Zerbitzu Orokorrak eta Parte Hartzea sailetako zinegotziak (Azpeitia, 1978) azaldu duenez, “denda soil bat baino askoz gehiago” izango da Elikagunea. “Bertako produktuak saltzeko gunea, baina baita harategia, sukaldea eta obradorea edo lantegia ere”.

Labakak adierazi du argi zeukatela saltzeaz gain heziketan ere ekarpena egin beharra zeukala gune horrek. “Bertako produktuez soilik osatutako denda bat bere horretan jada bada heziketarako erakusleiho eder bat, baina, horrez gain, besteak beste sukaldaritza ikastaroak ere eskainiko dituzte kanpora begira egongo den sukalde horretan”. Bertako izaera horri ere jarri diote muga: Azpeitia oinarri hartuta, 150 kilometroren bueltan ekoiztutakoa izango da Azoka plazan salduko duten elikagai oro. Produktu elaboratuen kasuan, euskal nekazariek ekoiztutakoa izango da lehengai nagusia; osagaien %50 baino gehiago, alegia.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.