Ibon Iparragirre preso gaixoaren giza-eskubideak errespetatzeko eta libre uzteko eskatu du Udal Gobernuak

Uztarria.eus 2017ko urr. 20a, 12:23

Iparragirreren egoerak "eskatzen duen azkartasun eta larritasuna kontuan izanda", Udalak dagokien eragileei eskatu die "arduraz" jokatzeko. Era berean, Ibon Iparragirreren eta gaixo dauden preso guztien askatasuna aldarrikatu du.

Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera larriaren aurrean, kezka agertu du Udal Gobernuak. Iparragirreren osasuna ahula dela azpimarratzeaz gain, presoak "bizi baldintza gogorretan" jarraitzen duela salatu du: "Aspaldidanik dakigu Iparragirreren osasuna ahula dela benetan, baina azken egunotan forentse medikuak egindako azterketen emaitzek, alarma gorri guzti-guztiak piztu ditu. Ia ez du defentsarik gorputzean, eta, hala ere, espetxeko bizi baldintza gogorretan jarraitzen du".

Iparragirreren egoerak "eskatzen duen azkartasun eta larritasuna kontuan izanda", Udalak dagokien eragileei eskatu die "arduraz" jokatzeko eta senide eta lagunen babesean lehenbailehen uzteko eman beharreko pausoak emateko. Horrenbestez, Ibon Iparragirreren eta gaixo dauden preso guztien askatasuna aldarrikatu du Udalak. 

"Uneoro aurrera egiten duen gizartea da gurea, eta antzeko egoerak atzean utzi eta aurrera egin nahi duen jendartea izanik, ezin da onartu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak espetxean izatea", esan du Udalak, horrek "mina, sufrimendua eta ezinegona indartzeko soilik balio duelako".