Fandango ala arin-arin, bi emakume elkarrekin

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 19a, 19:00
Irati Aranguren eta Leire Urresti, Markinan (Bizkaia) dantzan. (Hitza)

Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko dute larunbatean Seguran. Helduen mailan, hamahiru bikote lehiatuko dira, eta horietatik bat ez da mistoa izango: Leire Urresti getariarrak eta Irati Aranguren azpeitiarrak osatutakoa, hain zuzen.

Hankak airean eta gorputzak arin. Halaxe aritzen dira Irati Aranguren (Azpeitia, 1993) eta Leire Urresti (Getaria, 1992) dantzan elkarrekin. Edozein estilotako bikoteak onartzen diren garaiotan –izan mutil eta neska, bi neska edo bi mutil–, Euskal Herriko 41. Dantza Txapelketan parte hartzera animatu dira, lehen aldiz. "Amets bat genuen, eta ikusten genuenez bazegoela betetzea, ez genuen oztopo gisa ikusi bi neska izatea".

Duela pare bat urte ezagutu zuen elkar bikoteak, Sahatsa dantza taldean. Gogoan dute noiz egin zuten lehen aldiz dantza elkarrekin: Kepa Junkeraren Maletak bideokliperako bideo bat grabatzera animatu ziren, eta, ordutik, beste hainbat gauza egin dute. Uztailaren 1ean parte hartu zuten aurrenekoz dantza sueltoko txapelketa batean, Zumarragan (Gipuzkoa); eta, orain, Segurako (Gipuzkoa) txapelketara ere animatu dira. "Afari batean, elkarri komentatu genion gustura parte hartuko genukeela, eta animatu egin ginen. Biontzako amets bat zen horrelako txapelketa batean parte hartzea; dantza bizi dugunontzat, txapelketa goren horretara iristea ilusioa da".

Umeak zirela hasi ziren bi emakumeak dantzan. Urrestiri betidanik gustatzen zaizkio dantza tradizionalak, eta 6 urterekin hasi zen dantza ikasten Getarian; haren arabera, lehenago ez zen hasi "ezin delako". Arangurenek, berriz, are lehenago ekin zion: "4 urterekin-edo apuntatu ninduten dantzara, baina negarrez joaten omen nintzen, eta utzi egin nuen. Gero, 6 urterekin, berriz hasi nintzen. Etxean hori esaten didate, baina ni ez naiz ezertaz gogoratzen". Ordutik aurrera, sekula ez du dantza uzterik pentsatu, baina, dioenez, ez daki noiz konturatu zen benetan gustatzen zaiona hori dela.

Azpeitia eta Getaria hogei minutuko distantziak banatzen baditu ere, afizioak lotuta, denbora asko ematen dute elkarrekin Urrestik eta Arangurenek: entseguetan, erromerietan... Horrek beren arteko harremana estutu du. "Egun txarra baldin badaukazu, aldamenekoak aguantatu behar zaitu, eta ona baldin badaukazu ere bai", adierazi du Arangurenek. Elkarren berri izateak elkar ondo ulertzen laguntzen duela uste du Urrestik: "Dantza ez da fisikoki egiten den konexioa bakarrik, barrutik beste konexio bat egin behar da elkar ondo ulertzeko".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.