Igandean jokatuko da autoen Urrakiko Igoera

Uztarria.eus 2017ko urr. 19a, 14:00
Atzo aurkeztu zuten autoen Urrakiko XXXV. Igoera.

Lagun-Artea eskuderiak antolatuta, XXXV. aldiz egingo dute lasterketa. Aurtengo edizioan, 60 pilotuk parte hartuko dute. Larunbatean, 16:00etatik aurrera, egiaztatze probak egingo dituzte Epaitegiaren aurrean.

Lagun-Artea eskuderiak antolatuta, autoen Urrakiko XXXV. Igoera jokatuko dute igandean, Euskal Herriko Mendi Txapelketako azken proba izango dena. 60 pilotuk eman dute izena 6,7 kilometroko proban, eta horien artean bi nabarmendu dituzte antolatzaileek: Joseba Iraola – 2016an Espainiako txapeldun izan zen– eta Jose Antonio Fombona –Lamborghini Huracan autoarekin parte hartuko du–.

Larunbatean, 16:00etatik aurrera, komisarioek egiaztatze administratibo eta teknikoak egingo dituzte Garoa kafetegian eta Epaitegiko plazan, hurrenez hurren. Igandean, 10:00etan hasiko den entrenamendu saioarekin abiatuko da Urrakiko Igoera; horren atzetik etorriko dira bi manga puntuagarriak.

Monoplazen kasuan, Joseba Iraolaz gain (Norma M20), Joseba Olea (Demoncar R34), Javier Elortegi, (Demoncar R23) eta Gaizka Lopez Munain (BRC 02) lehiatuko dira, besteak beste.

Bestalde, turismoen atalean lehiatuko direnen artean, Jose Antonio Lopez Fombonarekin batera, Bruno Scherer (Porsche 911 GT3), Joseph Duperou (BMW M3 GT) eta Igor Urien (Citroën AX) azpimarratu dituzte antolatzaileek. Euria egiten badu, Iñaki Aiertza azpeitiarrak (EVO IX) turismoen atalean irabazteko aukerak dituela azaldu dute, eta Eneko Goiriena (BMW M3), Gurutz Agirretxe errezildarra (BMW M3), Iñaki Alberdi azpeitiarra (Ford Escort MK-II), Mattin Villares (Clio Maxi) eta Jon Etxeberria (Mitsubishi EVO VI) ere “ondo” moldatuko direla espero dute.

Proba ikustera bertaratuko diren zaletu guztiei gogorarazi diete antolatzaileek «erabat debekatuta» dagoela ibilibide guztian aparkatzea. Horrez gain, proba ikusteko leku garai eta seguruan jartzea komeni dela esan dute, komisarioek emandako jarraibideak beteta eta debekatuta dauden guneak errespetatuta –plastikozko zinta gorriz adierazita egongo dira–. Horrez gain, hondakinak bakoitzak bere etxera eramatea eskatu dute, zaborrik ez dadin pilatu inguruetan.