Ibon Iparragirre larriki gaixo dagoen presoa askatzea eskatu dute epaitegiaren aurrean

Uztarria.eus 2017ko urr. 19a, 00:27

Kalera Kalera dinamikak deituta, dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Azpeitiko epaitegiaren aurrean. Heriotz zigorrik ez, Ibon kalera lelopean egin dute kontzentrazioa; izan ere, preso ondarrutarraren osasun egoerak okerrera egin du azken egunetan, eta haren senideek eta Iparra Galdu Baik plataformak asteburuan jakinarazi zuen Iparragirre "hilzorian" zegoela.

Hiesa dauka Iparragirrek, eta defentsa kopuru oso urria duela jakinarazi zuten presoaren gertukoek joan zen asteburuan. Haien arabera, "edozein infekziok" heriotzara eramango luke presoa. Kalera Kalerako kideek azaldu duenez, "Espainiako espetxe politika kriminala" Iparragirre hiltzen ari da. Dinamikak presoaren egoera "muturrekoa" dela ohartarazi du. "20 defentsa baino ez ditu, eta pertsona osasuntsu batek 723 eta 1.124 artean izaten ditu".

Haien arabera, agerikoa da Iparragirre bizitzen ari den "tratu krudela", eta egoera horren arduradunak espetxe, justizia eta osasun estamentu zehatzak direla esan du. "Espetxe zaintzako epailea, Alcala-Meco espetxeko zuzendari medikua eta Alcala-Meco espetxeko zuzendaria". Kalera Kalerako kideek esan dutenez, gaur egun, Iparragirre libre uzteko erabakia Castro epailearen eta Alcala-Meco espetxeko medikuaren esku dago. "Biak ala biak, preso ondarrutarra lehenbailehen askatu ezean, iragarritako heriotza baten arduradunak izango dira".