Trikitiaren inguruko zaletasuna hauspotzera datorren egitaraua, prest

Uztarria.eus 2017ko urr. 18a, 21:15
Trikigiro elkateko, Kulturaz kooperatibako eta Udaleko kideak. (Azpeitiko Udala)

Hitzaldi zikloa, argazki erakusketa eta ikuskizun berezi bat prestatu dituzte Trikigiro kultur elkarteko kideek, "trikitiari duen balioa emateko eta transmisioan eragiteko". 

Trikitiak Urola Erdian izan duen tradizioa "izugarrizko altxorra" dela uste dute Trikigiro kultur elkarteko kideek, eta altxor hori galdu ez dadin lanean ari dira azken bi urteetan. Orain, eskualdeko trikitiari "balioa ematea xede", hainbat ekintza antolatu dituzte urte amaiera bitarterako.

2015ean, eskualdeko 15 inguru lagunek Trikigiro jaialdia antolatu zuten aurrenekoz, belaunaldi ezberdinetako musikariak elkar ezagutzeko eta trikitiari balioa emateko. Jaialdi batekin hasi zenak beste forma du gaur egun. Izan ere, duela hilabete batzuk Trikigiro kultur elkartea sortu zuten eskualdeko dozenaka trikitizalek. Ostiralean, urriaren 20an, hirugarrengoz egingo dute trikiti eta pandero doinuak elkartzen dituen Trikigiro jaialdia, eta horren osterako beste hainbat ekintza prestatu dituzte, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Udalak ere babesa erakutsi dio egitasmoari. 

Urola Erdiko trikitia ardatz hartuta, hitzaldi zikloa antolatu dute azaroaren 14rako 21erako eta 28rako. Hizlariak zein izango diren zehaztu gabe dute oraindik, baina data gerturatzen joan ahala horien berri emango dutela azaldu dute Trikigiroko kideek. Dena den, solasaldiak Sanagustin kulturgunean izango direla aurreratu dute. Horrez gain, azaroaren 7tik 20ra bitartean argazki erakusketa jarriko dute ikusgai Sanagustinen. 

Bi hitzordu berezi

Hitzaldi zikloaz eta argazki erakusketaz gain, beste hitzordu berezi bat ere lotu dute Trikigiroko eta Kulturazeko kideek: Xabi Solanok eta Jon Maiak eskainiko duten ikuskizun berezia. Abenduaren 30ean eskainiko dute emanaldia Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. 

Hurrengo urtera begira, beste proiektu bat du esku artean Trikigirok, eta apirilaren 13an, Urola Erdiko trikitixa 60. eta 70. hamarkadetan dokumentala estreinatuko dute Soreasu antzokian.