'Handia' filma aurkeztuko dute Jon Garañok eta Iñigo Aranburuk Soreasun

Uztarria.eus 2017ko urr. 18a, 19:24
'Handia' filmeko irudi bat.

Datorren asteburuan Handia filmaren lau proiekzio eskainiko ditu Kulturaz kooperatibak Soreasu antzokian. Zapatuko emanaldia berezia izango da, filmaren inguruan hitz egitera bertaratuko baitira Jon Garaño zuzendaria eta Iñigo Aranburu aktorea.

Donostiako Zinemaldian izandako arrakastaren ostean, aretoetako bidea hasi du Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Handia filmak. Azpeitian ere egingo du geldialdia ikus-entzunezkoak, eta Soreasu antzokian ikusgai izango da ostiraletik astelehenera bitartean. Guztira, lau aldiz emango dute filma, eta zapatuko proiekzioan –22:00etan izango da– antzokian bertan egongo dira Jon Garaño zuzendaria eta Iñigo Aranburu aktorea. 

Altzoko erraldoia bezala ezagutzen zen Migel Joakin Elizegiren inguruko istorioa kontatzen du Handia filmak. Gaitz baten ondorioz 242 zentimetro garai ere izan zen, eta garai hartan ezagutzen zen pertsonarik altuena izan zen. Ondorioz, Europan zehar herrialdez herrialde ibili zen, erakustaldiak eskaintzen. 

Handia filmak ibilbidea hasi besterik ez du egin, eta dagoeneko jaso du aurreneko uzta. Izan ere, 65. Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du Altzoko erraldoiaren istorioa pantaila handira eraman duen filmak. Hori ez ezik, Euskal Zinemaren Irizar saria ere jaso du Handiak

Honako egunetan eta orduetan izango da ikusgai Handia Soreasu antzokian:

Urriak 20, ostirala, 22:00etan.

Urriak 21, zapatua, 22:00etan.

Urriak 22, igandea, 19:30ean.

Urriak 23, astelehena (ikusleen eguna), 21:00etan.