Literaturaz jantzitako egitaraua prestatu du Udal Liburutegiak datozen asteetarako

Uztarria.eus 2017ko urr. 18a, 17:18

Liburutegien Nazioarteko Egunaren harira, eskulan tailerra, literatura solasaldia eta ipuin kontaketak prestatu dituzte haurrei, gazteei eta helduei zuzenduta.

Udazkenari eskutik emanda iristen da urtero Liburutegien Nazioarteko Eguna, urriaren 24a. Data hori hurbiltzean, literaturari lotutako ekintzez betetako egitaraua antolatzen du Udal Liburutegiak urtero, eta aurten ere ez du hutsik egin.

Bihar, urriak 19, ekingo diote prestatutako jarduerei, Lehen Hezkuntza 1eko eta 2ko haurrei zuzendutako eskulan tailerrarekin. Bertan parte hartzeko izen-ematea itxita dago. Eskulan tailerra eskaintzeaz gain, liburutegia Urrestillara eramango du Udal Liburutegiak bihar. Hilero egin bezala, liburutegiko liburu, pelikula eta bestelako dokumentuak maileguan hartzeko aukera izango da, 17:30etik 19:00etara bitartean. 

Hurrengo astean zehar beste hainbat ekintza egingo dituzte, haurrei, gazteei eta helduei zuzenduta. Astelehenean, hilaren 23an, XXVIII. Ipuin Kontaketa zikloari hasiera emango dio Mirian Mendoza ipuin kontalariak, 18:00etan. Haur Hezkuntzako 4. mailako haurrei zuzendutako saioa izango da hori.

Liburutegien Nazioarteko Egunean, asteartean, literatura solasaldiaren txanda izango da liburutegian. Bertan, Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua liburuaz ariko dira hizketan, 18:00etan hasita. Pako Aristi idazlea arduratuko da saioa gidatzeaz.

Urriaren 25ean, asteazkena, Ipuinaren Ordua egitasmoaren udazkeneko aurreneko saio eskainiko dute 18:00etatik aurrera. Saioa 3 urteko haurrentzat izango da. Ipuin kontaketarekin agurtuko dute literaturaz jantzitako hilabetea, urriaren 30ean. XXVIII. Ipuin Kontaketen bigarren saioa 5 urteko haurrentzat izango da, eta Lupe Lekuona izango da ipuin kontalaria.