Esperientziak ardatz hartuta, tabernetako jarrera matxistak identifikatzea xede

Uztarria.eus 2017ko urr. 18a, 15:29
Ernaik mikromatxismoen inguruan egindako bideo bateko irudia. (Ernai)

Matxismoa tabernetan izenburupean tailerra eskainiko du gaur, asteazkena, Alaitz Mañez Emagin elkarteko kideak, Orkatz tabernan. Dinamika parte-hartzailea erabilita tabernetan ematen diren jarrera sexistak identifikatzen saiatzea da helburua. Tailerra amaitzean, mokadutxoa egongo da bertaratzen direnentzat. Erraiak taldearen kontzertuak borobilduko du gaua. 

Norberaren esperientzietatik abiatuta, tabernetan jazotzen diren eraso sexistak "identifikatzen saiatzea" da gaur Orkatz tabernan eskainiko duten tailerraren helburua. Alaitz Mañez Emagin elkarteko kideak gidatuko du saioa, Matxismoa tabernetan izenburupean. Hark azaldu duenez, "tabernan identifikatu zuten behar batetik abiatuta" luzatu zioten proposamena, eta behar horri erantzun bat emateko asmoz eskainiko dute tailerra.

"Jendarte matxista batean bizi garenez", jarrera matxistak tabernetan ere badaudela dio Mañezek: "Gertatzen dena da, askotan normaltzat hartzen ditugun jarrera batzuk eraso sexistak direla. Horregatik, garrantzitsua da horiek identifikatzen hastea, kontzientzia hartzeko". Hala, talde txikietan eta handietan bilduta, dinamika parte-hartzailean, jarrera sexistei bereren etiketa jartzen saiatuko dira arratsaldeko saioan. Hori ez ezik, hausnarketarako tartea ere zabaldu nahi du Mañezek.

Erasoak pairatzean edo horiek ikustean nola erreakzionatzen den ere aztertuko dute tailerrean. "Saioan zehar ikusiko dugu zein diren gure ardurak erasoen aurrean. Era berean, horiek jasatean nola sentitzen garen aipatuko dugu, eta eraso sexistak ikusitakoan hartzen dugun jarreraz ere ariko gara solasean", azaldu du Emagineko kideak.

Tabernetan ematen diren mikromatxismoak "nahiko makroak" direla uste du Mañezek, eta modu ezberdinetan ematen direla azaldu du: "Espazioa hartzeko moduan, eraso fisikoak egitean, ipurdia ikutzea kasu, edo ligatzearen aitzakian bestearen espazioa inbaditzean". Ohikoak diren horiek eta ez direla naturalak. 

Tailerra 19:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguru iraungo du. Mañezek dei egin die herritarrei saiora gertura daitezen, "tabernetako matxismoa denon ardura delako".

Eguna goxotzeko: Erraiak

'Matxismoa tabernetan' tailerra amaitzean, 21:00ak aldera, mokadutxoa egongo da bertaratzen direnentzat. Behin sabelak beteta, Erraiak taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du, 22:00etan hasita.