Soreasuko Sormen Gunearen nondik norakoen berri emango dute gaur jendaurrean

Uztarria.eus 2017ko urr. 18a, 14:25
Soreasuko erainika. (Hitza)

Pleno aretoan egingo dute obren aurreproiektuaren aurkezpena, 19:00etan hasita. Bertan azalduko dituzte, besteak beste, lehen solairuko espazioaren banaketa, eremuak eta haietako bakoitzean zer egongo den. Interesa duen herritar oro bertaratu daiteke.

Gaur, asteazkena, aurkeztuko dute Soreasuko Sormen Gunearen aurreproiektua herritarren aurrean, 19:00etan hasita, pleno aretoan. Bileran, sormen gunea izango denaren lehen solairuaren mapak, eremuen banaketa eta ekipamenduaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte, besteak beste.

Joan den udaberrian lortu zuen Soreasuko Sormen Gunearen proiektuak Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta herriko beste hainbat kultur eragileren adostasuna, hilabeteetako parte hartze prozesuaren ostean. Uztailean, aldiz, 100 lagunetik gora bildu ziren prozesuan adostutako proposamenari onespena emateko. Orduan, espazio berriaren oinarrien eta helburuen zertzelada batzuk aurreratu zituzten. 

Sormen gune berria "herritarren beharretara egokitutakoa" izatea nahi dute Udalak eta Kultur Mahaiak, eta horregatik abiatu zuten parte-hartze prozesua duela urte eta erdi inguru. Prozesuak iraun duen bitartean adostutakoa azalduko dute gaurko batzarrean. "Aurreproiektua dugu eskuetan orain, eta aldaketak egiteko unean gaude oraindik. Horregatik aurkeztu nahi diegu herritarrei", azaldu du Josu Labaka Kultura batzordeburuak.