III. Trikigiro jaialdia egingo dute ostiralean

Uztarria.eus 2017ko urr. 17a, 17:39
150 lagunetik gora bildu ziren iazko Trikigiro jaialdian. (Mailo Oiarzabal)

Trikitiaren transmisioari butzada emateko asmoz antolatzen dute jaialdia Trikigiro elkarteak eta Sanagustin kulturguneak elkarlanean. Bailarako hainbat trikitilarik parte hartuko dute ekitaldietan.

Datorren ostiralean, urriak 20, III. Trikigiro jaialdia egingo dute Azpeitian, Sanagustin kulturguneak eta Trikigiro elkarteak elkarlanean antolatuta. Trikitiaren transmisioari bultzada emateko asmoz antolatzen dute jaialdia, eta, bertan, bailarako hainbat trikitilarik parte hartuko dute.

19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartuko dira trikitilariak, eta musikari gaztetxoenek saioa eskainiko dute ordu horretan. Ondoren, 20:00etan, kalejira egingo dute guztiek Azpeitiko kaleetan barrena, eta herria zeharkatu ondoren, 21:00etan, Sanagustin kulturgunean afalduko dute. Afalostean erromeria egingo dute, 23:00etan, eta honako trikitilari hauek parte hartuko dute:

  • Tolosa ahizpak, Eneko Arbeo eta Imanol Antxitte.
  • Lanberri eta lagunak.
  • Gugaz erromeria.
  • Xabier Etxaniz, Julen Alonso, Eneritz Aulestia eta Esti Markez.
  • Landa anaiak eta Attola anaiak.
  • Itzeder, Txibilter, Garixe, Montte eta Maltzeta.
  • Naiara Mantzizidor, Oleaga ahizpak eta Jurgi Ituarte.
  • Aritz Alustiza, Lierni Aranburu, Maitane Arteaga, Manex Torrealdai eta Ane Arenaza.

Edonor joan daiteke afaltzera, eta erreserba Sanagustin kulturgunean edo 943-10 52 20 telefono zenbakira deituta egin behar da, hamabost euroren truke.