Oier Ibargurenek brontzezko domina lortu du Espainiako Txapelketan

Uztarria.eus 2017ko urr. 17a, 15:18
Ibarguren, Espainiako Txapelketan. (CEPista)

Euskadiko Selekzioarekin lehiatu da Ibarguren, eta elite mailako proban eskuratu du hirugarren postua.

Txirrindularitzako Espainiako Txapelketa jokatu dute asteburuan Balearretako Palma hirian, eta Oier Ibarguren txirrindulari azpeitiarrak brontzezko domina lortu du taldezka, pistan. Euskadiko Selekzioarekin lehiatu da Ibarguren, eta elite mailako proban eskuratu du hirugarren postua, Luis Mari Garikano, Aitor Rey eta Illart Zuazubiskar taldekideekin batera.

Hainbat egunetan jokatu dituzte probak, eta, finalean, Kataluniari irabazi ostean lortu zuen Euskadiko Selekzioak  brontzezko domina. 23 urtez azpiko mailan ere lehiatu da Ibarguren, eta urrea lortzeko helburua bazuen ere, ezin izan zuen podiumean egoterik lortu.

Bigarren aldia izan da Ibargurenek Espainiako Txapelketan parte hartu duela. Adierazi duenez, "asko ikasteko" balio izan dio aurtengoan, eta "izugarrizko maila" dagoela ikusi du.