Kataluniako atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur

Uztarria.eus 2017ko urr. 17a, 12:33

Omnium Culturaleko eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteen askatasuna aldarrikatzeko, 19:00etan elkartuko dira, plazan

Sedizio delitua leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak fidantzarik gabeko behin-behineko kartzelaratzea ezarri die Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteari eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteari. Atzoz geroztik atxilotuta daude biak, eta haien askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Gure Esku Dagok Euskal Herri osoan. Azpeitian, 19:00etan egingo dute mobilizazioa, plazan, Junts lelopean. "Herritarrak etorkizunaren jabe" izan daitezen eta "egoera larri hau" salatzeko kalera ateratzeko ordua dela azpimarratu du Gure Esku Dagok.