Azokan postua jartzen duten baserritarrei zuzendutako ikastaroa izango da datorren astean

Uztarria.eus 2017ko urr. 16a, 18:30

Astelehenean eta asteartean izango dira ikastaroaren saioak, eta haien helburua da baseritarrek salmentarako estrategia berriak ikastea. Ostirala bitartean eman daiteke ikastaroan izena. Udalak, HAZIk eta Urkomek antolatu dituzte saio teoriko-praktikoak.

Datorren asterako, hilaren 23rako eta 24rako, Azpeitiko azokako baserritarrei zuzendutako ikastaro bat antolatu dute Udalak, HAZIk eta Urkomek. Saioen helburua da azoketan izaten diren baserritarrek salmentarako estrategia berriak ikastea, hala nola produktuak nola aurkeztu, postua nola prestatu, azoketako jardunbide egokiak prestatu eta produktuak nola merkaturatu. Sei orduko iraupena izango du ikastaro teoriko-praktikoak.

Ikastaroaren lehen egunean, urriaren 23an, 15:30etik 17:30era egingo dute saio teorikoa, Sindikatu Zaharrean. Saio horretan postuei etekin gehiago ateratzeko teknikak, bezeroekin harremanak izateko teknikak eta postuak atontzeko eta antolatzeko teknikak ikasiko dituzte, besteak beste. Bigarren egunean, berriz, 09:00etatik 13:00etara egingo dute saioa, eta parte-hartzaileek jartzen dituzten postuak aztertu ostean, horietan produktuak modu erakargarriagoan nola aurkez ditzaketen ikasi ahal izango dute.

Ikastarorako izena ostirala bitartean eman ahal izango da. Parte hartu nahi dutenek ES17 2025 045019 450000391 kontu zenbakira 36 euro sartu beharko dituzte. Kontzeptuan 87 zenbakia eta izen-abizenak nahiz baserriaren izena jarri beharko dituzte ikastaroan parte hartu nahi duten baserritarrek. Ondoren, ordainagiria Urkomen aurkezten dutenek, 24 euro jasoko dituzte bueltan.

Halako ikastaroak, normalean, Fraisoro eskolan egiten ditzte, baina HAZIren, Urkomeren eta Azpeitiko Udalaren lankidetzari esker, Azpeitian egingo dute ikastaroa.