Ibon Iparragirre presoa askatzea eskatzeko elkarretaratzea izango da etzi, epaitegiaren aurrean

Uztarria.eus 2017ko urr. 16a, 15:10

Kalera Kalera dinamikak deitu ditu elkarretaratzeak hainbat epaitegiren aurrean, eta Urola Kostan Azpeitiko epaitegiaren aurrean egingo dute. Kalera Kalera dinamikak azaldu duenez, "Espainiako espetxe politika kriminala Iparragirre hiltzen ari da". Iparragirrek hiesa du, eta haren egoera "muturrekoa" dela salatu dute.

Ibon Iparragirre presoa aska dezatela eskatzeko kontzentrazioak izango dira etzi, asteazkena, Euskal Herriko hainbat herritan; tartean, Azpeitian. Kalera Kalera dinamikak antolatu ditu kontzentrazioak, eta horiek tokian tokiko epaitegien aurrean izango dira. Urola Kostako bilkura Azpeitiko epaitegiaren aurrean egingo dute, 19:00etan hasita. Kalera Kalera dinamikak herritarrei elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin die.

Iparra Galdu Baik plataformak eta Iparragirreren senideek preso ondarrutarraren egoera ahulaz ohartarazi zuten asteburuan. Iparragirre "hilzorian" dagoela salatu dute, eta defentsa kopuru oso urria duela jakinarazi. "Edozein infekziok heriotzara eramango luke, kartzelako medikuei ezertarako astirik eman barik".

Kalera Kalera dinamikako Alberto Matxainek azaldu duenez, "Espainiako espetxe politika kriminala Iparragirre preso politikoa hiltzen ari da". Iparragirrek hiesa du, eta haren egoera "muturrekoa" dela azaltzeko, Kalera Kalerak esan du 20 defentsa baino ez dituela ondarrutarrak. "Pertsona osasuntsu batek 723 eta 1.124 artean izaten ditu".

Iparragirre bizitzen ari den "tratu krudela agerikoa" da Kalera Kaleraren arabera, eta egoera horren arduradunak espetxe, justizia eta osasun estamentu zehatzak direla esan dute. "Espetxe zaintzako epailea, Alcala-Meco espetxeko zuzendari medikua eta Alcala-Meco espetxeko zuzendaria". Kalera Kalerako kideek esan dutenez, gaur egun, Iparragirre libre uzteko erabakia Castro epailearen eta Alcala-Meco espetxeko medikuaren esku dago. "Biak ala biak, preso ondarrutarra lehenbailehen askatu ezean, iragarritako heriotza baten arduradunak izango dira".