Gaztetxeak 'Kontu Lepo' bloga sortu du

Uztarria.eus 2017ko urr. 16a, 14:07

Askotariko edukiez osatuko dute bloga, eta gaztetxeko kideen "pentsaera" azaltzeko gunea izango da

Gaurtik aurrera martxan da gaztetxeak abian jarri duen kontulepo.eus bloga. Hainbat gai jorratuko dute webgunean, eta, horrez gain, gaztetxeko agendarekin osatuko dute ataria.

Gaztetxeak duela hainbat urte kaleratzen zuen Kontu Lepo fantzineak beste euskarri bat izango du orain, beraz. Izan ere, gaztetxeko kideek Interneteren aldeko apustua egin dute, baina haren izaera bera mantenduko dute. Hau da, Azpeitiko Gaztetxeko kideen "pentsaera" azaltzeko gunea izango da bloga. "Ikusten genuen gure pentsaera ez zela askotan komunikabideetan agertzen, eta hutsune horretatik abiatuta jarri dugu martxan bloga", esan dute gaztetxeko kideek. Hamabost-hamazazpi bat lagunek elikatuko dute ataria, eta bakoitzak erabakiko du zertaz idatzi. "Adibidez, musikaren inguruko erreportajeek, elkarrizketek eta egunerokotasunari eta formakuntza politikoari lotutako gaiek osatuko dute Kontu Lepo".

Egunero, gutxienez sarrera bat idatziko dute, asteburuetan izan ezik.