Mikel Larrañagak hirugarren egin du Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finalean

Uztarria.eus 2017ko urr. 16a, 00:07
Donostiako Gaska kiroldegian jokatu dute gaur arratsaldean Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa, eta Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1988) hirugarren sailkatu da. Sei aizkolari aritu dira nor baino nor, eta Aitzol Atutxak jantzi du txapela; bigarren denbora onena, berriz, Iker Vicentek egin du. Finalera begira, azpeitiar aizkolariaren erronka zen sailkapen kanporaketan erakutsitako "maila berrestea". Orain dela hilabete eskas Abadiñon (Bizkaia) jokatu zuten sailkapen kanporaketan bigarren denbora onena egin zuen Larrañagak, Iker Vicente nafarraren atzetik. Eta Abadiñon erakutsitakoa berrestea eta orduko bigarren postua errepikatzea zuen helburu Larrañagak. Alabaina, azpeitiarrak ez du lortu iazko lana hobetzea, hirugarren sailkatu baitzen 2016ko finalean.
 
Finalaren ostean, Larrañagak Euskadi Irratiako Hiru Erregeen Mahaia saioan adierazi du bigarren postuaren "bila" joan dela, baina bukaerarako "ito" egin dela. Azpeitiar kirolariak gaineratu du azken aldian "kilo batzuk irabazi" dituela eta, ondorioz, "indarra areagotu" zaiola, baina gaurkoan egin beharreko lan luzeetan azkenerako "bete" egin dela.   
 
Argazkia: Ibon Errazu.