Txahal saiheski eta oilasko erre usainak erakarrita, jendetza inguratu da plazara

Uztarria.eus 2017ko urr. 15a, 15:13

Zezen Beltz Asteburua giro ezinhobean ari da igarotzen, eta zezenaren bueltako festara zahar, gazte eta ume, jende andana inguratu da plazara gaurkoan ere. Txahal saiheski eta oilasko erre usainak erakarrita, jendetza inguratu da plazara eguerdian. Ordu berean, 12:30ean, suziria lehertzearekin batera, sokamutur txikia egin dute Erdikaletik plazara, eta han gaztetxoenek zezen txikiekin eta poniekin majo gozatu dute. Festak arratsaldean izango du jarraipena, 17:00etan aterata Artzubitik plazara egingo duten helduen entzierroarekin. Ondoren, zezen bolaztatuak izango dira Artzubian. Atzo arratsaldean, berriz, Zezen Beltz asteburuaren barruan, Grand Prix solidarioa egin zuten zezen plazan, eta urtero bezala, elkarte bati laguntzeko helburuarekin egin dute aurtengo Grand Prixa ere. Edizio honetan, Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkarteari eman dio Zezen Beltz elkarteak Grand Prixean bildutako dirua: 4.600 euro, hain zuzen ere.