Jendetza bildu da Tuba Jaialdiaren barruan Sanagustinen eskaini duten kontzertu nagusian

Uztarria.eus 2017ko urr. 14a, 22:33

Tuba eta bonbardinoa gizarteratzea xede, zortzigarren urtez jarraian egitarau oparoa antolatu dute Metal Boskoteko kideek. Joan den larunbatetik gaur arte, tuba eta bonbardinoa ardatz, hamaika ekitaldi izan dira ikusteko, entzuteko eta dastatzeko. Aurtengoan, gainera, entzumena eta ikusmena gozatzeaz gain, dastamena asetzeko saio berezi bat ere egin dute. Hain zuzen ere, kontzertu gastronomikoa izan zen joan den ostegunean, Sanagustin kulturgunean. VIII. Tuba Jaialdiaren azken egunean, musikarientzako ekintza desberdinak izan dira goizean zehar, baina eguneko ekitaldi nagusia 19:00etan Sanagustinen eskaini duten kontzertua izan da. Game of Thrones Theme, El Carnaval de Venecia, Virgenes del Sol, Itsasontzi Pirata, Cuentame, Imagine, Furra Furra eta Guk Euskaraz abestiak entzun ahal izan dituzte bertaratu direnek. Sanagustin bete egin da, eta hainbat ikus-entzulek zutik jarraitu behar izan dute kontzertua. Azken hiru abestiak Olatz Prat abeslari azpeitiarrak kantatu ditu; azken biak, Azpeitiko Antxieta musika eskolako abesbatzaren laguntzarekin. Antonio Rodriguezek eta La Sucro Bandek Sanagustin kulturgunean 23:00etatik aurrera eskainiko duten kontzertuarekin agurtuko dute aurtengo tuba jaialdia.

Hona hemen arratsaldeko tuba kontzertuko argazki bilduma: