Beñat Lizaso: "Ustez, prest nago, eta ez dut motiborik urduri jartzeko"

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 13a, 14:07

Aurtengoa bigarren Euskal Herriko Txapelketa du azpeitiarrak. Badu sabel aldean "azkura" moduko zerbait, baina gogotsu dago, eman dezakeen hori ateratzeko prest.

Bihar hasiko du Beñat Lizasok (Azpeitia, 1982) Bertsolari Txapelketa Nagusiko abentura. Gaur-gaurkoz, azken txapelketa izango duela dio; izan ere, bere buruari «beterano» deituta, lehia uzteko ordua gero eta gertuago sentitzen du. Ikusi egin behar aurtengoan zer bide egiten duen azpeitiarrak, prestatuta, bai baitago.

Biharko saioaren atarian, nola zaude?

Ondo nago, ustez, baina lasai-lasai ez. Txapelketa hasten den unean, saioak ikusten dituzunean, azkura sortzen da tripan. Ustez, prest nago, eta ez dut motiborik urduri jartzeko.

Nola ikusten duzu zure burua?

Badut konfiantza, baina beti izaten dira kezkak: nola ariko naizen, zer gai jarriko dizkiguten, hanka sartuko ote dudan… Izan ere, egin dezakezu izugarrizko hanka sartzea, eta kito. Halere, bertso eskolan-eta oso gustura aritu naiz prestatzen, eta uste dut eman dezakedan hori emateko kapaz banaizela. Baina, esandakoa, konfiantza izanagatik, egunean bertan ikusi beharko da.

Saiorako sarrera guztiak agortu dira. Presiorik sentitzen duzu?

Presioa ez du eragiten ikusle kopuruak, norbere gorputzaldiak baizik. Aurreneko bertsotik tiraka eta atera ezinik hasiz gero, urduri jartzen zara. «Gaur egin behar dizkiat ederrak!», pentsatzen duzu, eta… Estu hartzen baduzu, saioan ez zaizu aterako ezer, baina ondo sentitzen naiz, eta zerbait egingo dut. Saioan hainbeste jende egotea eta han sortuko den giro beroa izango dira motibatzeko arrazoi nagusiak, edo hala izan beharko lukete.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.