Izarraizko parkearen balorazio positiboa egin du Udalak, eta udaberrira arte ur-txorroak itxiko ditu

Uztarria.eus 2017ko urr. 13a, 13:28
Gaztetxoen gozagarri dira ur txorroak. (Azpeitiko Udala)

Udalaren arabera, uda garaian, igerilekuaren eta hondartzaren alternatiboa izan da askorentzat parkea, eta herritar eta bisitarientzat gure erakargarria bihurtu da

Esklabak eta Olatz arteko Izarraizko parkea ireki eta hiru hilabetera, haren balorazio positiboa egin du Udalak. Parkea herritarrentzat eta bisitarientzat gune erakargarria bihurtu dela adierazi du Udalak, eta, haren arabera, opor garaiko bero egunetan igerilekuaren eta hondartzaren alternatiba izan da askorentzat: "Bero egunetan jende asko etorri da parkera, bai herritarrak eta baita inguruko herrietako bizilagunak ere", esan du Josu Labaka zinegotziak.

Labakaren esanetan, ur-txorroak gustatzen zaizkie gehien gaztetxoei. "Poztekoa da herritarrentzako erabilgarri jarritako gune berri baten horrelako harrera izatea eta haur zein heldu bertan ikustea eguna joan eta eguna etorri". Orain, tenperatura hotzak etorriko direla eta, udaberrira arte itxi egingo dituzte txorroak.

Izarraizko parkearen erabilera hobetzeko, hainbat aldaketa egin du Udalak. Esaterako, ur-txorroen ondoko hondarra lekuz aldatu zuten abuztuan, ura zikindu egiten zuelako.