Tren historikoen bost irteerarekin ospatuko du 23. urteurrena Burdinbidearen Euskal Museoak zapatuan

Uztarria.eus 2017ko urr. 12a, 14:21
Bisitariak Burdinbidearen Euskal Museoan.

11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan egingo dituzte. Horrez gain, besteak beste, La Roblako Burdinbidearen 125. urtemugako erakusketa inauguratuko dute.

Burdinbidearen Euskal Museoak 23. urteurrena ospatuko du zapatuan, eta egitarau berezia antolatu dute egun horretarako. Horrela, ohi baino irteera gehiago egingo dituzte Azpeitia eta Lasao artean, eta erakusketa berri bat ere irekiko dute.

Bost tren historiko jarriko dituzte martxan zapatuan museoan, eta beste horrenbeste joan-etorri eskainiko dituzte: 11:00etan, Allan 301 automotore dieselarekin; 12:00etan, Zugastieta lurrun makinarekin; 13:00etan, Aurrera lurrun makinarekin; 17:00etan, Alsthom 1004 diesel makinarekin; eta 18:00etan, Portugal lurrun makinarekin.

Horiez gain, museoan bertan, Espinal lurrun makina eta Grafton lurrun garabia piztuko dituzte egunean zehar. Halaber, Nafarroako Burdinbidearen Lagunen Elkarteko kideak ere Azpeitian izango dira, modelismoko tren txikiak (lurrunezkoak, dieselak eta elektrikoak) gidatzeko.

Erakusketa berria

Zapatuan bertan erakusketa berri bat ere irekiko dute Burdinbidearen Euskal Museoan, La Roblako trenaren 125. urteurrenekoa. Bilbo eta Leon (Espainia) lotzen zituen trenaren historia azaltzeko hiru panel handi eta 150 argazki baino gehiago jarriko dituzte ikusgai, konpainia horretako egongela kotxe historikoarekin batera.

Zapatuan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era egongo da irekita museoa.

Gaur eta zapatuan ere bai

Gaur eta igandean ere izango da museoko tren historikoetan Lasaora joan-etorria egiteko aukera, 12:30ean.