Kaleko animaliei jaten ematea debekatuta dagoela gogorarazi du udalak

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2017-10-12 12:13

Udalaren arabera, "ugaritu" egin dira herritarrek animalientzat janaria uzten duten kaleko puntuak. Erakundeak dio horrek "arazoak" sortzen dituela, eta herritarrei eskatu die ibaiko nahiz kaleko animalien janaririk ez ematea.

Animalientzako janaria herriko hainbat gunetan uzten dute herritarrek. (Urola Kostako Hitza)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Udalak gogorarazi du debekatuta dagoela kaleko animaliei janaria uztea edo ematea. Izan ere, udalaren arabera, ahatei, katuei nahiz beste animalia batzuei janaria lagatzeko guneak "sortu eta ugaritu" egin dira azken aldian. "Askotan borondate txarrik gabe" egiten diren ekintza horiek ondorio "kaltegarriak" dakartzatela azaldu du udalak. "Besteak beste, sortzen den zikinkeria, elkarbizitza arazoak edota animalien ugaritzea. Kalean katuentzat zein ahateentzat uzten edo botatzen den janaria arratoientzako bazka bilakatzen da hainbat kasutan. Eta, horrela, arratoiak erakarri eta ugaltzen dira arazo bilakatuz".

Horregatik guztiagatik, udalak herritarrei eskatu die ibaiko animaliei janaririk ez botatzeko eta kalean elikagairik ez uzteko. Gainera, kaleak eta inguruak "garbi" mantentzeko ahaleginean laguntzeko deia egin du erakundeak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa