Xiriako Gurrutxaga nuarbetar puntista ohia hil da

Uztarria.eus 2017ko urr. 12a, 13:17

Xiriako Gurrutxaga nuarbetar zesta-punta jokalari ohia atzo hil zen, 70 urte zituela. Nuarbe ezizenarekin, urte luzez jokatu zuen profesionaletan Gurrutxagak, Herrialde Katalanetan (Bartzelonan eta Palman) eta Espainian (Zaragozan) aurrena, eta AEBetan ondoren. Txutxo Larrañaga, Tximela, Txurruka eta Txikito de Bolibar puntista ezagunekin batera jokatu zuen, besteak beste, zesta-puntaren urrezko aroan.

Pilotari ibilbidea bukatu eta etxera itzuli ondoren, urte askotan izan zen, Olatz Odriozola emaztearekin batera, Sanjuandegiko Baigerako tabernaren eta jatetxearen arduradun. Jaioterrian ere gogoan izan zuten Gurrutxaga; 2012an, Nuarbeko frontoia inauguratu zutenean, bera izan zen zinta moztu zutenetako bat, eta ohorezko sakea egin zuena (argazkian).

Gurrutxagaren aldeko hileta elizkizuna izango da bihar, ostirala, 19:00etan, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.