Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileen konpetentzia profesionalak ebaluatzeko izen-ematea ireki dute

Uztarria.eus 2017ko urr. 11a, 12:44

2018tik aurrera lan horretan jarduteko lanbide kualifikazioa beharko dute, legez. Profesionaltasun ziurtagiririk ez duten langileek lan esperientziaren bitartez edota prestakuntza ez-formalen bidez, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzak emandako laguntzaile pertsonal gisa aritzeko behin-behineko edo ez-ohiko gaitasun ziurtagiria eskatzeko epea dute urriaren 20a bitartean.

Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile profesionalen jarduera arautzeko prozedura jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, 2018tik aurrera lan horretan jarduteko lanbide kualifikazioa beharko dute, legez. Bide horretan, profesionaltasun ziurtagiririk ez duten langileek lan esperientziaren bitartez edota prestakuntza ez-formalen bidez, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzak emandako laguntzaile pertsonal gisa aritzeko behin-behineko edo ez-ohiko gaitasun ziurtagiria eskatzeko epea dute urriaren 20a bitartean. Eusko Jaurlaritzaren ziurtagiri hori dutenek ere lan egiteko beharrezko ziurtagiria izango dute.

Konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura honek, laguntzaile pertsonal lanetan aritzeko behin-behinean gaitzea ekarriko du, 2018ko urtarrilaren 1etik 2022ra arte. Beraz, lanbide kualifikaziorik eta ez-ohiko nahiz behin-behineko gaitasunik ez duten laguntzaile pertsonalek deialdian izena eman beharko dute, jarduera horretan jarraitu ahal izateko. Prozeduran parte hartzeko izen-emate epea urriaren 20an bukatuko da.

Hainbat lanbide heziketako ikastetxe izendatu dituzte zaintzaileak informatzeko, orientatzeko eta aurrez izena emateko. Gipuzkoakoak agiri honetako zerrendan daudenak dira.