Bitik bi etxean Sammic Hosteleria ISBrentzat

Uztarria.eus 2017ko urr. 11a, 14:38
Sammic Hosteleria taldea joan den ostiralean, Garagardo Azokaren irekieraren aurreko aurkezpenean.

Lolo Encinasen taldeak 89-80 irabazi zion atzo Ourenseri kiroldegian, Urrezko LEB ligako hirugarren jardunaldian, partida hasiera kaxkarrari buelta emanda.

Sammic Hosteleria ISBk Urrezko LEB ligako hirugarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuen atzo Azpeitiko kiroldegian. Eta, denboraldiaren estreinaldikoan Coruñaren kontrakoan bezala, garaipena lortu zuen bere jarraitzaileen aurrean, Rio Ourense Termal 89-80 menderatuta. Etxean orain arte jokatu dituen bi partidak irabazi eta kanpoan jokatu duen bakarra galdu ditu, horrenbestez, Iraurgik.

Partida hasiera kaxkarrari buelta ematea tokatu zitzaien Lolo Encinasen gizonei, garaipena patrikaratzeko. Izan ere, lehen laurdenean oso ahul agertu zen Sammic, baina bigarrengo laurdenetik aurrera erasoan erabat indartu eta aurrea hartzen hasi zen, jokoan bezala markagailuan.

Aipagarria izan zen Ibon Guridiren lana; 13 puntu lortu zituen azpeitiarrak, Mirza Bulic-ek bezala. Eta ikusleak eserlekuetatik altxatu zituen jokaldiaren protagonista izan zen, bere aldetik, Portalez: hirukoa sartu zuen hirugarren laurdenaren azken segundoan, kantxaren punta batetik bestera egindako jaurtiketarekin.

Valladoliden jokatuko du Sammic-ek hurrengo partida, zapatuan.