Ostiralean hasiko da Azpeitiko XVIII. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus 2017ko urr. 10a, 16:09
Agirrezabala, Ion, Elduaien, Gonzalez, LarraƱaga eta Matxin III.a, gaurko agerraldian.

Ostiralean hasi eta azaroaren 3 bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte txapelketako partidak. Guztira, sei bikotek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta.

Hernaniko Galarreta pilotalekua da erremontearen jokaleku eta topaleku nagusia, baina ikuskizuna hango kantxatik zabaltzeko asmoz, duela hemezortzi urte hasi ziren herrian erremonte txapelketa antolatzen. Beste urteetan, udan jokatu izan da lehiaketa Izarraitz pilotalekuan, baina agenda kontuak eta hainbat pilotariren lesioak tarteko, udazkenean egingo dute aurtengo edizioa. Hain zuzen ere, datorren ostiralean, urriak 13, hasiko da Azpeitiko XVIII. Erremonte Txapelketa. Izarraitz pilotalekuan izango dira txapelketako partida guztiak, eta finala azaroaren 3an jokatuko da. Txapelketan, guztira, sei bikotek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta, eta bikoteko bat azpeitiarra izango da. Beraz, apustuak apustu eta momioak momio, txapel bat Azpeitian geratuko da. A taldean arituko dira ondorengo bikoteak: Matxin III.a-Etxeberria III.a, Etxeberria IV.a-Endika eta Urriza-Larrañaga. B taldea osatuko dute, aldiz, Uterga-Agirrezabala, Segurolak-Barrenetxea IV.a eta Ezkurra II.a-Ion bikoteek.

Gaur, asteartea, aurkeztu dute txapelketa, Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak, Oriamendi enpresako gerente Xabi Gonzalezek eta txapelketan parte hartuko duten lau erremontistak. "Erremontea gure kirola, ondarea eta tradizioa da, eta garairik oparoenean egon ez arren, urteen poderioz herrian usadio bilakatu den txapelketari eusteko ahalegina eta apustua egiten ditugu Udaletik", adierazi du Elduaienek. Zinegotziak gaineratu du, herritarrak animatu nahi dituztela partidak ikustera joatera.

Bestalde, Oriamendiko ordezkari Gonzalezek "eskerrak eman" dizkio Azpeitiko Udalari, beste urte batez erremonteari "bultzada" ematearren. "Guretzat Galarretatik kanpo jokatzen den txapelketa garrantzitsuena da Azpeitikoa, eta koadroko jokalaririk onenek hartuko dute parte bertan". Era berean, Gonzalezek aipatu du "azpimarratzekoa" dela erremonteak Azpeitian bizirik jarraitzeko Udalak egiten duen "ahalegina".

Txapelketako ligaxkako partidak ostiralean hasi eta hilaren 27a bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte. Jaialdi bakoitzean bi partida izango dira ikusgai; talde bakoitzeko bana, alegia. Beraz, sailkapen partidak urriaren 13an, 20an eta 27an izango dira, eta finala azaroaren 3an jokatuko da. Partida guztiak 18:30ean izango dira Izarraitz pilotalekuan, eta kanporaketetako nahiz finalerako sarrerak bi euro ordaindu beharko dira egunean bertan, lehiatilan. Ostiralero, sarrera eskuratzen duten guztien artean bi lagunentzako afaria zozketatuko dute.