Artea, Euskal Herria eta Italia lotzen dituen zubia

Uztarria.eus | Kultura | Argazki galeria
2017-10-10 11:57

Martxan da Erasmus + truke programaren barruan lehen aldiz antolatu duten GazteArt proiektua. Dagoeneko Euskal Herrian dira trukean parte hartzen ari diren hamabi gazte italiarrak, eta horiekin batera hainbat ekintza egiten ari dira egunotan beka jaso duten zazpi azpeitiar, azkoitiar bat eta lau zizurkildar.

Gaur, asteartea, Azpeitian dira truke programan parte hartzen ari diren lagun guztiak, eta Eneko Etxeberria alkateak eta Ainara Larrañaga Gazteria ziengotziak harrera egin diete haiei udaletxean. Eta horiekin batera han izan dira goizean Gazteria Saileko langileak eta Kulturaz kooperatibako kide Xabier Gantzarain. Egunean zehar hainbat ekintza egingo dute Erasmus + programako parte-hartzaileek, hala nola argazkigintza tailerra. Jon Andoni Martin argazkilariak eskainitako saioa Dinamoa sormen gunean egin dute goiz partean.

Zarauzko aterpetxean hartu dute ostatu gazte guztiek, eta egunero arteari lotutako hainbat ekintza egingo dute. Napolitik etorri diren hamabi gazteetako bat da Carmela Borragine 19 urteko napolitarra. Truke programari esker, lehen aldiz bidaiatu du Euskal Herrira, eta orain arte ikusitakoa "asko gustatu" zaiola adierazi du. "Jendea ezagutzea gustatzen zait, eta programa kulturak elkartrukatzeko aukera ezinhobea delakoan nago". Napolesko gazteak atzo iritsi ziren Euskal Herrira eta igandera arte egongo dira hemen, baina Borraginek dio egonaldia hilabetez ere luzatuko lukeela, "oso-oso gustura" dagoelako. 

Zazpi azpeitiar ere truke programan murgilduta dabiltza, eta horietako bi dira Carmen Olano (1997) eta Jon Iraola (1993). Iraolak azaldu duenez, "betidanik" gustatu izan zaio artearen mundua, eta horregatik eman zuen izena programan. Olanok, berriz, txikitatik margotzen du, eta artearekin loturarik ez duten Unibertsitateko ikasketak hasi zituenez, zaletasunari eusteko "aukera ona" izan zitekeelakoan eman zuen elkartrukerako izena. 

Abenduaren hasieran joango dira GazteArt proiektuan parte hartzen ari diren euskal herritarrak Napolira, eta hara bidaiatzeko "gogoz" daude bai Olano eta bai Iraola. "Italiarrak hemen diren bitartean artearekin lotutako hainbat tailer egingo dugu. Bilbora joango gara egun batean, Guggenheim ezagutzea nahi baitute. Eta hara joaten garenean antzeko ekintzak egingo ditugula uste dut, nahiz eta oraindik ez dakigun zer egingo dugun", azaldu du Olanok. Iraolak Italiako txokoak ezagutzeko ere aprobetxatu nahi du Napolira egingo duten bidaia: "inguru politak direla esaten dute, eta behin hara joanda, aprobetxatu egin beharko dugu".

Elkartrukean bi egun daramatzaten arren, dagoeneko "balorazio positiboa" egin dute bi azpeitiar gazteek. Italiarrak "gure antzekoak dira", azaldu du Iraolak, baina, halere, beraiengandik "hainbat gauza" ikasiko dutela uste du. Olanok ere truke programa, oso esperientzia ona izaten ari dela esan du. 

Sormen artistiko-plastikoaren edo artistiko-grafikoaren ezagutzan sakontzeko asmoarekin jarri zuten martxan GazteArt proiektua Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Zizurkilgo Udalak eta Napoliko (Italia) ENNEA elkarteak. Gaztematika Gipuzkoako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Sistemaren barruan sortutako lantaldean garatutako proiektuaren emaitza da GazteArt.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa