Hiru ikastaro berri eskainiko ditu Deustuko Unibertsitateak datozen hilabeteetan

Uztarria.eus | Hezkuntza | Artikulua
2017-10-10 11:26

"Larrialdi juridikoetarako botikinaren" izeneko ikastaroa, negozio baten garapenerako erreminta digitalen ingurukoa eta sormen lidergotzari buruzko ikastaroa antolatu dituzte Udalak eta Deustuko Unibertsitateak, elkarlanean. Izen-ematea zabalik dago. 

Udaleko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariak. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak hiru ikastaro berri eskainiko dituzte elkarlanean, urritik abendura bitartean. Horietan izena emateko epea zabalik dago jada. Honako hauek dira udazkenean zehar eskainiko dituzten ikastaroak: Larrialdi juridikoetarako botikina, Negozio baten garapenerako erreminta digitalak: Facebook eta Twitter eta Sormen lidergotza. Aukera berriak sortzen ikasten. 

Ikastaroen inguruko xehetasunak

"Larrialdi juridikoetarako botikinarekin" egunerokoan sor daitezkeen "zuzenbidearen beharrei" erantzuteko tresnak eskaini nahi dizkiete ikasleei. Gai hauekin lotutako edukiak jorratuko dituzte nagusiki: testamentuak eta herentziak; ezkontzaren araubide ekonomikoa likidatzeko prozesua; auzotarren elkarteko arazoak; kontsumoko eta bidaia konbinatuetako gatazken erreklamazioa; aseguruekin eta erantzukizun zibilarekin zerikusia duten gaiak; etxeko lanak egiteko kontratazioaren inguruko zalantzak; ondarea kapitalizatzeko bideak: hipoteka alderantzikatua eta antzeko figurak eta higiezinak denbora partekatuan erabiltzeko aukerak. Hala ere, azpimarratu dute, jorratu beharreko gaien aukera "pertsonalizatuta" egongo dela, hau da, "ikasleen interes eta lehentasunetara egokituta". 

Saioak asteazkenetan izango dira (urriaren 25ean eta 30ean; azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 29an eta abenduaren 13an) 16:30etik 18:30era bitartean. Baigerako laugarren solairuan eskainiko dituzte eskolak. Izena emateko epea urriaren 20an itxiko da. 

Negozio baten garapenerako erreminta digitalak erabiltzen: Facebook eta Twitter ikastaroa ekintzaileei, langabetuei, merkatariei eta profesionalei zuzenduta dago. Eskolen xedea da ikasleek Sare Sozial erabilienak ezagutzea eta norbere marka ezagutaraztea edo hori ikusarazteko erremintak ezagutzea. Aurreratu dutenez, Twiter eta Facebook sare sozialetan sakonduko dute ikastaroan zehar, baina horiekin erabilgarri izan daitezken beste hainbat erreminta edo baliabide ere ezagutaraziko dira. 

Astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko dituzte saioak (urriaren 30ean eta azaroaren 6an, 8an, 15ean, 20an, 22an, 27an eta 29an) 14:30etik 16:30era. Baigerako laugarren solairuak izango dira eskolak. Ikastaroan izena emateko epea urriaren 20an bukatuko da.

Sormen lidergotza. Aukera berriak sortzen ikasten izenburupean eskainiko dute hirugarren ikastaroa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eskolen helburuak dira sormena baliabide original eta erabilgarria bihurtzea, lidergotzarako sormena erabilgarri egitea, lan mundurako aukera berriak sortzea, norbere konfiantza zein erabakitze ahalmena handitzea eta gatazkak sormenaren bidez konpontzea.

Ikastaroa azaroaren 13an eta 14an eskainiko dute, 15:00etatik 19:00etara bitartean, Baigerako lehen solairuan. Bertan matrikulatu nahi dutenek azaroaren 8a baino lehen egin beharko dute izen-ematea.

Prezioak eta izen-ematea

Bi modutara eman daiteke izena: ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin harremanetan jarrita (udaletxeko 2. solairua). Prezioei dagokionez, tresna digitalen eta larrialdi juridikoen gaineko ikastaroa 16,8 euro izango da Azpeitian erroldatutakoentzat (besteentzat 21 euro), eta lidergotzako eskolen prezioa 8 euro izango da (Erroldatu gabeentzat 15,04 euro). 

Bestalde, irekita jarraitzen du Udalak UEUrekin elkarlanean antolatutako Argazki kontakizuna. Istorioak garatzeko estrategiak eta Gaitasun sortzaileari ateak irekitzen ikastaroetan izena emateko epea. Argazkien kontakizunen gaineko ikastaroan izena emateko azken eguna urriaren 17a izango da eta Gaitasun sortzaileen gainekoan izena ematekoa urriaren 13an.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa