Añares Rioja ISBrentzat lehen garaipena eta Sammic Hosteleria ISBrentzat lehen porrota

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2017-10-09 11:59

Urrezko LEB ligako gizonezkoen taldeak txapelketako hirugarren jardunaldiko partida jokatuko dute bihar etxean, 20:30ean. Uztarriak bi sarrera zozkatuko ditu bere bazkideen artean neurketa horretarako.

Añares Rioja ISBko taldekideak, Gijonen. (ISB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iraurgi Saskibaloiko talde nagusiek denboraldiko bigarren jardunaldia jokatu dute asteburuan; Asturiasen (Espainia) aritu dira biak. Estreinakoan bezala, garaipen bat eta porrot bat zenbatu dituzte Iraurgikoek, baina protagonistak trukatuta.

Izan ere, Sammic Hosteleria ISBk lehen porrota ezagutu du Urrezko LEB ligan abiatu berri duen ibilbidean. Lolo Encinasek gidatzen duen taldeak 87-66 galdu zuen Union Financiera Oviedoren etxean. Bigarren laurden oso on bat egin arren, azken bietan ezin izan zioten aurre egin asturiarren gorakadari. LF2n, aldiz, Añares Rioja ISBk sasoi berriko lehen garaipena eskuratu zuen Gijonen, Ascensores Tresa Basket Mar taldea 69-71 mendean hartuta. Azken emaitzak adierazten duen bezalakoa izan zen partida, oso parekatua. Erika Livermore izan zen neurketako jokalari nabarmenena, 13 punturekin.

Sammic Hosteleria-Ourense, bihar kiroldegian

Zapatuko emaitzari buelta gehiegi emateko asitirik ez dute izango Samicc Hosteleria ISBkoek. Bihar, 20:30ean hasita, bigarren garaipenaren bila joateko aukera izango dute, ligako hirugarren jardunaldiari dagokion partida jokatuko baitute Iraurgikoek Azpeitiko kiroldegian, Ourenseren kontra.

Iraurgik ez bezala, Urrezko LEB ligan eskarmentu handia duen taldea da Galiziakoa, baina ez dute denboraldi hasiera ona egin, orain arteko bi partidak galdu baitituzte. Garaipen gosearekin eta beharrarekin iritsiko dira, beraz, eta Sammicek Coruñaren kontra azaldutako grina bera erakutsi beharko du irabazteko, zaleen bultzadarekin.

Hain zuzen ere, Sammic Hosteleria ISB-Ourense partidarako bi sarrera zozkatuko ditu Uztarriak bere bazkideen artean. Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek uztarriazozketak@gmail.com e-postara izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia bidali beharko dituzte, astearteko 13:00ak baino lehen. 2017-2018 denboraldian Sammic Hosteleria ISBk eta Añares Rioja ISBk etxen jokatuko dituzten partida guztietarako zozkatuko ditu sarrerak Uztarriak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa