Giro ederrean ospatu dute Izarraitz Eguna

Uztarria.eus 2017ko urr. 8a, 18:56

Atzo, larunbata, Izarraitz igeri elkarteak klubaren eguna ospatu zuen. Arratsaldean hasi zuten egitaraua; igerilariek, entrenatzaileek eta gurasoek igeri jaialdia egin zuten igerilekuan. Izarraitzeko ordezkariek esan dutenez, probak giro "ederrean" eta "lagun artean" egin zituzten, eta gustura dira parte-hartzearekin.

 

Iluntzean, afaldu aurretik, poteoa egin zuten Sanjuandegin, eta 85 lagun elkartu ziren Ongi Etorriko afarian. Afalostean, une "hunkigarriak" pasatu zituztela azaldu dute Izarraitzekoek. Izan ere, iazko ur irekien denboraldian emaitza onak lortu zituen eta aurten taldea utzi duen Leire Ceciaga omendu zuten. Gainera, Izarraitzen urte ugari daramatzaten Aiora Beristainek, Eva Astigarragak eta Maialen Aizpuruk lore sorta eta oroigarri bana jaso zuten. Horrez gain, klubaren zuzendaritza batzordean egin duen lana eskertu zioten Aitor Epelderi, eta hark ere lore sorta eta oroigarria jaso zituen. Bost omenduei aurreskua egin zieten taldeko hiru igerilarik.

Hona hemen, atzoko Izarraitz Eguneko irudi bilduma (Argazkiak: Izarraitz):