Boluntario aritzeko gonbita luzatu du Atzegik kanpaina berriarekin

Uztarria.eus 2017ko urr. 7a, 21:32
Aurkezpenera hurbildu diren lagunek taldeko argazkia atera dute bukaeran.

Adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearekin modu batean edo bestean lan egiten duten boluntarioen lana eskertu dute Urola Erdiko ordezkariek, "izugarria delako"; eta pertsona horiek ahalik eta bizimodu aberatsena izan dezaten jende gehiagoren inplikazioa beharrezkoa dela gogoratu dute, batik bat aisialdiko jardueretarako.

Urola Erdiko Atzegiko kideak Azpeitiko plazan elkartu dira gaur arratsaldean, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearen aurtengo sentsibilizazio kanpaina aurkezteko. Atzegi Xperience da kanpaina horren leloa, eta helburua da jendea animatzea, Atzegiren egitasmo desberdinetan boluntario gisa aritzera. Modu batean edo bestean lan egiten duten boluntarioen lana eskertu dute Urola Erdiko ordezkariek, "izugarria delako"; eta pertsona horiek ahalik eta bizimodu aberatsena izan dezaten jende gehiagoren inplikazioa beharrezkoa dela gogoratu dute, batik bat aisialdiko jardueretarako.

"1960an sortu zuten Atzegi, egoera nahikoa kaxkarra zela ikusita eta hori hobetzeko asmoarekin. Helburu nagusia zen gizartea gero eta positiboagoa bihurtzea. Horretan jarraitzen dugu lanean oraindik, gizartea gero eta informatuago eta sentsibilizatuago izan dadin", azaldu du Naroa Uria Atzegiko kideak. "Harremanetan, eskolan, kiroletan... Inklusioa lortzea da lortu nahi duguna, horretaz ari gara gizarte positiboaz ari garenean. Pertsona hauek goza dezatela ingurukoekin, eta ingurukoek goza dezatela beraiekin, eroso senti daitezela".

Modan dauden esperientzia kaxekin alderaketa eginda osatu dute Atzegi Xperience kanpaina, Txolarte aisialdi taldeetan –Azpeitikoa kasu–, bidaietan, kirol jardueretan eta abar Atzegin boluntario dabiltzan pertsonen esperientzian oinarrituta, "bizipen ahaztezinak" ezagutzeko eta horiekin aberasteko gonbita eginez. Halakoen berri eman dute gaurko agerraldian Carmen Olano eta Ane Arrizabalaga boluntarioek. Aloña Agirre koordinatzaileak, berriz, kanpainaren euskarriak azaldu ditu: kartelak, esperientzia kutxak eta Atzegiren kanpainarako webgunean dituzten edukiak.

Bailaran 93 familia dira Atzegiko bazkide. Horiez gain, babes sarea osatzen duten 44 kolaboratzaile dituzte, laguntza ekonomikoa ematen dutenak; eta 805 Atzegizale, jarrera positibo aktiboa azaltzen duten norbanakoak eta eragileak.