Magiak liluratu ditu herritarrak

Uztarria.eus 2017ko urr. 7a, 16:41

II. Txisteratik egun magikoa izan da gaur Azpeitian. 12:30ean hasita, hainbat mago Alde Zaharrean nahiz plazan izan da trikimailuak egiten. Imanol Ituiño, Armando eta Iagomago ziren gertuko magia kalean eskaintzekoak, baina arratsaldeko Gala Nagusian izango den artista Amadeo ere animatu da gaur goizean kalean bere abileziak erakustera. Herritar ugari elkartu da magoen inguruan, eta hainbat elementurekin egin dituzte magia jolasak. Gainera, 13:00etan, 16:30ean eta 17:30ean saio bana eskaini du Civi-Civiac magoak Perez Arregi plazan jarri duten karpa magikoan. Dozenaka lagun izan dira saioetan.

Magia egunari bukaera Gala Nagusiarekin eman diote. Izan ere, 19:00etan hasita, saio berezia eskaini dute hainbat magok Soreasu antzokian. Imanol Ituiño aritu da aurkezle lanetan, eta Tuttilifamili, Amadeo, Armando eta Civi Civiac fakirra igo dira oholtzara. 350 bat lagun izan dira Soreasun.