Haimar Zubeldiak zabaldu du Garagardo Azoka

Uztarria.eus 2017ko urr. 7a, 12:59

Atzo zabaldu zituen ateak Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako Garagardo Azokak. 19:00etan zabaldu zuten Azoka Plaza, eta klubaren bi talde nagusiak, Sammic Hosteleria ISB eta Añares Rioja ISB, aurkeztu ostean, Haimar Zubeldia txirrindulari ohia omendu zuten, aurten hartu baitu erretiroa. Maier Lizaso Iraurgiko lehendakariak oroigarria eman zion Zarauzko bizilagunari, eta Ibon Guridi Sammic taldeko kapitainak lore-sorta Zubeldiaren emazteari.

Behin omenaldia eginda, ISBko gainerako talde guztiak banan-banan aurkeztu zituzten Azoka Plazan jarritako oholtzan. Denboraldi honetan, guztira, hainbat mailatako 23 talde izango ditu Iraurgik. Aurkezpenen ostean oholtzara igo ziren ISBko hainbat ordezkari, Zubeldia eta haren emaztea. Zubeldiak esan zuen berarentzat "ohorea" zela Azpeitia, eta, batez ere, ISB berarekin gogoratu izana. "Erreferentzia onak ditut ISBri dagokionez, eta horrelaxe segitzeko esango dizuet. Segi lanean, familia bat izaten, eta aupa Iraurgi!".

Atzo, inaugurazioaren ondoren, jan-edanerako aukera izan zuten Azoka Plazara joan ziren herritarrek. Gaur ere zabalik izango da Garagardo Azoka, eta baita hilaren 11n, 13an eta 14an ere. Egunero, 19:00etatik 02:00etara irekiko dute.