Tubazaleek badute plaza

Gipuzkoako Hitza 2017ko urr. 6a, 17:31
Iazko Tuba Jaialdiaren emanaldi nagusiko irudi bat. (Alberto Beloki)

Ez da ohikoa instrumentu bakar bat jotzen duten musikariak elkartzea eta horren bueltan jaialdi bat antolatzea. Arraroa izanagatik ere, burutazio hari forma eman zioten Azpeitian elkartu ziren hainbat tubazalek duela zortzi urte. Hala, 2009an I. Tuba Jaialdia iritsi zen Azpeitira. Orduz geroztik, pixkanaka-pixkanaka garatuz joan da egitasmoa. Zortzigarren urtez antolatuko dute aurten, eta ate joka daukate jada. Joan den asteazkenean zabaldu zuten iazko jaialdian hartutako irudiekin osatutako erakusketa, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Urriaren 17ra arte iraungo dute jaialdiaren barruan antolatu dituzten ekintzek. Aurten, gainera, Azpeititik irten eta Hernanira nahiz Lekeitiora (Bizkaia) iritsiko dira tuba hotsak.

Elkartean afaldu ostean sortzen diren elkarrizketa horietako batetik sortu zen Tuba Jaialdia. Hala gogoratu du Agustin Jimenezek (Azpeitia, 1974), antolatzaileetako batek: "Elkarrekin hizketan ari ginela aipatu genuen ederra izango zela inguruko tuba jotzaileen topaketa bat egitea. Izan ere, gutxi gara tuba jotzen dugunak, musika banda bakoitzean bi edo hiru". Helburu gisa jarri zuten tuba eta bonbardinoa jotzen duten maila eta adin guztietako musikariak elkartzea. Ideia bota, eta hari forma ematen hasi ziren. Aurreneko harremanak eginda, sarea sortu zuten ondoren. Gaur egun, Euskal Herriko hainbat txokotako tuba jotzaile eta tubazaleak aritzen dira antolatzaile lanetan, baina, Jimenezek azaldu duenez, Metal Boskoteak eta Azpeitiko Musika Bandak ere asko laguntzen dute. "Jaialdiak jende asko dauka atzean".

Azken urteotan asko garatu da jaialdia, eta "xume" hasi zena "erreferente" bihurtu dela uste dute antolatzaileek: "Asmoa ez da gero eta musikari gehiago ekartzea, etortzen direnek gozatzea baizik. Euskal Herrian egiten den tuba jaialdi bakarra da, eta gure partiturak jo izan dituzte Akizen ere, Okzitanian. Era berean, duela lau urte inguru, Espainiako Tuba Elkartea sortu zuten Espainian, eta haiekin ere harreman ona dugu. Profesional eta maisu asko ezagutzeko aukera eman digu jaialdiak". Azken urteotan, Danimarkatik edo Herbehereetatik ere iritsi izan dira tuba jotzaile batzuk Azpeitira.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.