Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea zerk eragiten duen aztertu du Eneritz Albizuk

Uztarria.eus 2017ko urr. 6a, 17:35
Goizane Arana, Josu Labaka, Idurre Bideguren, Eneritz Albizu eta Maite Alvarez, ikerketaren aurkezpenean, Bermeon. (Uema)

Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak ikerketa egin du Goizane Aranarekin batera. Ondorioetan nabarmentzen denez, euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak ez dira nahikoa, euskarari eustea ahalbideratzen duen ekosistema osoak huts egiten baldin badu.

Udalerri euskaldunetan bada kezka iturri den kontu bat: euskararen ezagutza portzentajea antzekoa duten herrietan, erabileraren portzentajea oso ezberdina izan daiteke. Kezka horri lotuta, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Goizane Arana eta Eneritz Albizu teknikariek lan handia egin dute azken hilabeteotan, ondorio batzuk atera nahian. Zehazki, euskararen ezagutzari dagokionez antzekoak diren bi herri hartu dituzte: Bermeo eta Ondarroa. Biak udalerri euskaldunak. Kostaldekoak. Bizkaikoak. Arrantzale herriak. Batean kale erabilera datuak onak dira. Ondarroan. Bestean, aldiz, Bermeon, oso kezkagarriak, batez ere gazteen artean.

Euskararen ezagutza %79koa da Ondarroan, eta %72koa Bermeon. Erabilera, aldiz, %79koa da Ondarroan –gazteen artean %92koa–, eta, Bermeon, %33koa –gazteen artean %14,8koa–. Hori zergatik gertatzen den jakiteko, Bermeoko Udalak eskatuta, ikerketa sakona egin dute Uemako bi teknikariek, eta atzo aurkeztu zuten, Bermeon, herritarren aurrean. 300 orrialde baino gehiagoko azterketa da, eta 32 orrialdeko bertsio laburtua ere prestatu dute, ondorioak eta proposamenak biltzen dituen eranskinarekin batera.

Euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean halako aldea zerk eragiten duen ikertzerakoan, faktore asko izan behar direla kontuan ondorioztatu dute bi teknikariek: “Euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak ez dira nahikoa, euskarari eustea ahalbideratzen duen ekosistema osoak huts egiten baldin badu. Argi dago euskara sustatzeko hizkuntza politiketan orain arte kontuan hartu diren faktoreez gain, euskaraz naturaltasunez hitz egitea ahalbideratzen duen ekosistema osoa dela zaindu beharrekoa. Eguneroko bizitzako harreman sareak, alegia. Ekosistema horrek huts egiten duenean sortzen da amildegia ezagutzaren eta erabileraren artean”.

Ikerketari buruz aurkezpen ekitaldian eskainitako laburpena lotura honetan dago.