Kuadrilla bat, eta askoz gehiago

Uztarria.eus 2017ko urr. 6a, 14:15
Txolarteko hainbat gazte eta haien gurasoak eta boluntario aritzen diren lagun batzuk. (Maialen Etxaniz)

Aisialdiaz gozatzea eta ondo pasatzea da Txolarteko gazteen kuadrillako kideek nahi dutena; integrazioa lortzea dute xede. Denetariko ekintzak egiten dituzte, eta ezinbestekoa da boluntario aritzen diren lagunen babesa. Horregatik, Txolarteko gazteek dei egin diete beren kuadrillara batu nahi duten herritarrei eta atzegizaleei, guztiek batera goza dezaten aisialdiaz. Bihar aurkeztuko dute Atzegiren aurtengo kanpaina, sanagustinpen.

Pintxo-poteora irtetea, futboleko partidak ikustera joatea, esku pilotan jolastea eta kartetan aritzea atsegin dute, besteak beste, Txolarteko gazteen kuadrillako kideek. Dantzatzea, kantatzea, bromak egitea edota Zumaiara joatea ere gustuko dute. Helburua da aisialdirako tartea dutenean plan ezberdinak egitea eta ahal bezainbeste gozatzea. Ondo pasatzeko aukera emanda, integrazioa lortzea da xedea. Horregatik, beren kuadrillara batu nahi duten orori dei egin diete, besteak beste, Isis Elorzak, Eli Agirianok, Lander Uriak, Jurdan Arakistainek eta Ainhoa Fernandezek.

Kontatu dutenez, Txolarteko gazteen kuadrillako lagunek talde bat dute Whatsappean, eta handik egiten dituzte planak. Bertan adosten dute zer egin. Zapatuetan biltzen dira gehienetan, 8-10 gazte eta 4 edo 5 boluntario, eta egunaren arabera dituzten grinak asetzen saiatzen dira. Kuadrillako kide dira Idoia Imaz, Jon Larrañaga eta Carmen Olano ere, eta haientzat lagun talde horretako partaide izatea "esperientzia ederra eta aberasgarria da", guztiek "elkarrengandik ikasten" dutelako.

Denetariko ekintzak egiten dituzte, baina bada egutegian borobilduta duten data bat. Izan ere, San Juan festak bereziak dira haientzat, Urrestillako gazte afarira joateko ohitura hartu baitute. Han, gainerako urrestildarrekin eta lagunekin batera "primeran" ibiltzen direla azaldu dute. "Umorerik ez da falta gure taldean", dio Olanok. Festetaz gozatu ez ezik, oporretara ere joan ohi dira. Aurten, esaterako, astebete igaro zuten Islan (Kantabria). Baina aisialdiaz gozatzen duten bitartean, ikasi ere egiten dute. Oporretara joaten direnean, adibidez, gazteak "autonomoago" izaten ikasten dutela azaldu dute boluntario lanetan aritzen diren lagunek: "Gurasoak ez daudenean, ardura gehiago izaten dituzte, eta saiatzen dira beren kabuz gauzak egiten. Era berean, laguntza behar dutela ikusiz gero, laguntza eskatzen ikasten dute".

Konpromisoa eta konfiantza

Pertsona bakoitzak egiteko ezberdinak ditu egunerokotasunean, eta batzuetan ezin izaten da aisialdirako nahi beste denbora hartu. Horregatik, Txolarteko gazteen kuadrillako kide izateak "konpromiso handia" eskatzen duela azpimarratu dute boluntarioek: "Guk ere baditugu gure eginbeharrak, eta guri ere ezustekoak gertatzen zaizkigu. Baina hala ere, konpromisoa erakutsi behar dugu gure taldearekin".

Boluntario aritzen diren lagunek, konpromisoa, babesa, ilusioa eta ondo pasatzeko gogoa daramate beren motxiletan. Txolarteko gazteen gurasoek, berriz, "konfiantza guztia" jartzen dute haiengan. "Boluntarioek egiten duten lan guztia eskertzeko nahikoa hitzik ez dugu. Nola ez gara ba beraiekin fidatuko. Aukera bat ematen diete gure seme-alabei gainerako gazteak bezala kalera irteteko, eta horrek guretzat ez du preziorik", diote gurasoek. Beren seme-alabek lagun talde bat sortu izana "oso pozgarria" dela diote: "Gogorra da ikustea gure seme-alabei eskolako lagunek ez dietela deitzen, zer plan egingo duten azaltzeko. Horregatik, halako lagun talde ederra sortu izana oso pozgarria da. Ea beste 100 urtetan horrela jarraitzen duten!".

Horrela jarraitu ahal izateko, konpromisoa erakutsiko duten lagun eta boluntario edo atzegizale berriak taldera batzea "ezinbestekoa" da, ordea. Bihar, zapatua, aurkeztuko dute Atzegiren kanpaina berria, sanagustinpen, 18:00etan hasita.

Txolarteko gazteak azpeitiarrak dira gehienak, baina bada Zestoatik herrira gerturatzen denik ere, Jurdan kasu. Haren aitak dioenez, "Azpeitian izugarrizko zortea dute halako lagun talde bat elkartzea lortzen dutelako". Baina nahiz eta Azpeitian elkartzen diren, Azkoitiko eta Zestoako lagunak ere gonbidatu nahi dituzte beren taldera. "Ondo pasatu eta lagun berriak egin nahi dituen orok, ateak zabalik ditu gure kuadrillan", diote umorez.