Esklabetako alokairu sozialeko etxebizitzak 2020rako egitea aurreikusten dute

Uztarria.eus | Hirigintza | Artikulua
2017-10-05 16:45

Gazteei zuzendutako 45-50 etxebizitza egingo dituzte udalak eta jaurlaritzak 2020rako. Etxebizitzak Alokabidek kudeatuko ditu, eta bost urterako alokatu ahal izango dira.

Labaka, Goenaga eta Etxeberria Esklabetako jolastokian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Esklabetako eraikinaren alde batean, elizaren ondoan eta jolastokiaren atzean dagoen eraikinaren zatian, azpeitiar gazteei zuzendutako alokairu sozialeko 45-50 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena erdietsi dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Azpeitiko Udalak. Atzo aurreratu zituzten bi erakundeek proiektuaren nondik norako batzuk, eta gaur, osteguna, zehaztasunak azaltzeko agerraldia egin dute Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak nahiz Josu Labaka eta Leire Goenaga zinegotziek Esklabetako jolastokian.

Esklabetako eraikinaren alde batean, elizaren ondoan eta jolastokiaren atzean dagoen eraikinaren zatian, azpeitiar gazteei zuzendutako alokairu sozialeko 45-50 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena erdietsi dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Azpeitiko Udalak.

Udalak asteazkeneko udalbatzarrean onartu zuen hitzarmena egitea, eta, orain, Etxebizitza Sailari dagokio akordioa sinatzea eta proiektua martxan jartzeko izapideak egitea. Proiektua gauzatu eta etxebizitzak egin ahal izateko, udalak Eusko Jaurlaritzari utziko dio eraikinaren zati hori. Izan ere, Esklabetako eraikina udalarena da 2013az geroztik, urte hartan Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zutenetik.

Guneak 7.951 metro koadro ditu, eta etxebizitzak egiteaz gain, ingurua ere urbanizatuko dute. Behin eraikina berrituta eta egokituta, Alokabideren bidez kudeatuko dituzte etxebizitzak.
Proiektuak 3.620.000 euroko aurrekontua du, eta dagoeneko martxan da obren proiektua idazteko lehiaketa. 2018an egingo dituzte obren idatzizko proiektua eta lanen lehiaketa, eta ondoren hasiko dira eraikina eraberritzen. Aurreikuspenak betetzen badira, 2020aren bukaerarako izango dira etxebizitzak erabilgarri. Udal ordezkariek aurreratu dutenez, bost urterako alokatu ahal izango dituzte etxeak herritarrek.

Eneko Etxeberria alkateak esan duenez, proiektuaren helburuak dira Esklabak eraikin historikoa edukiz betetzea eta gazteen etxebizitza beharrari irtenbidea ematea. "Ondare historikoa da Esklabetako eraikina, eta hura edukiz betetzea zen udalaren erronka, hutsik egoteak ere gastua sortzen duelako. 2014an hasi ginen Esklabak edukiz betetzeko proiektuez hitz egiten, eta ate asko itxi badira ere, etxebizitza sozialen proiektua gauzatu egingo da".

Etxeberriak dio bi xedeak "begi onez" ikusi dituela jaurlaritzak. "Ondare historikoaren errekuperazioa eta Europako herrialde askotan martxan den eta Euskal Herrian berria den etxebizitza eredua uztartzen ditu".

Ikerketan oinarrituta

Azpeitiko Udalak, 2016an hasita, herritarren etxebizitza beharrak ezagutzeko ikerketa gauzatu du, eta lan horren emaitzak Esklabetako proiektua martxan jartzeko eta etxebizitzaren alorrean neurriak hartzeko "bide orri" direla azpimarratu du Josu Labaka zinegotziak. Hark azaldu duenez, hainbat ondorio jaso dute ikerketarekin: "Etxebizitza beharra dago herrian, alokairuaren aldeko jarrera erakutsi dute herritarrek, etxebizitza eredu desberdinak jarri dituzte mahaiaren gainean eta herriko gazteek Azpeitian eraiki nahi dute etorkizuna".

Etxeberriak esan duenez, etxebizitza beharren ikerketak erakutsi du azpeitiarrentzat "oso garrantzitsua" dela etxebizitza duina izatea, eta, haren aburuz, gaur-gaurkoz, "hori ez dago bermatuta". Alkateak azaldu duenez, "ezin" zuten beste aldera begiratu, eta, horregatik, etxebizitza politiketan neurriak hartzen hasi dira.

Udal ordezkariek esan dute etorkizunean herritarrek izan ditzaketen beharrei erantzuteko ari direla lanean, eta datozen zortzi-hamar urtetarako etxebizitza plan bat egingo dutela aurreratu du.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa