Koro Arandiaren "kolore biziko margolan ausartak" ikusgai daude udal erakusketa aretoan

Uztarria.eus 2017ko urr. 5a, 17:52
Koro Arandia, 'Donostiako Haizearen orrazia' margolanaren ondoan. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)

Amalurraren sentimenduzko koloreak erakusketara bertaratzen denak Koro Arandia eibartarraren dozenatik gora lan ikusteko aukera izango du, urriaren 14a bitartean.

Koro Arandia (Eibar, 1962) eibartarraren margolanak ikusgai daude irailaren 26tik urriaren 14ra, Foru Ibilbidean dagoen udal erakusketa aretoan. Amalurraren sentimenduzko koloreak erakusketara bertaratzen denak Arandiaren dozenatik gora lan ikusteko aukera izango du; kolore biziz jantzitako margolanak dira gehienak.

Eibartarraren esanetan, koloreei dagokienez, "ausartak" dira lanak. "Hemengo artea, oro har, klasikoagoa da, kolore itzaliagoak dituzte". Une bakoitzean sentitzen duena islatzen du bere lanetan eibartarrak, material desberdinak erabiliz. "Paisaiaren indarra edo animalien edertasuna, noblezia eta boterea irudikatu nahi izan ditut artelan horietan. Dimentsio handiko lanak egiten ditut, akrilikoa, hondarra, zetazko papera eta pigmentu naturala konbinatuta". Udal erakusketa aretoan ikusgai dauden margolanak poesiaz eta bertsoz apaindu ditu Arandiaren iloba Igor Lizarralde azpeitiarrak.

Azken hamalau urteak Alemanian daramatza bizitzen Arandiak, baina sarri etortzen da Euskal Herrira bisitan, eta Donostian, Bilbon, Eibarren... jarri izan ditu erakusketak, baina Azpeitian jartzen duen lehenbizikoa du. Aurreneko egunetan erakusketa "jende askok" bisitatu duela adierazi du artistak, baina orain sartu-irtena "lasaiagoa" dela dio. Era berean, bisitarien profilari dagokienez, gaineratu du "gehiengoa gazteak eta emakumeak" direla.

Amalurraren sentimenduzko koloreak erakusketa urriaren 14ra arte dago ikusgai, astelehenetik igandera. Goizen, 10:00etatik 13:30era bisitatu daiteke, eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.