Miren Gorrotxategiren iritzia: Bihurguneak

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 5a, 14:18

Kataluniako azken egunetako gertakariak direla eta, Miren Gorrotxategik honako iritzi artikulua idatzi du Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalean.

Kataluniako ikasleek ez dute liburuak ireki beharrik historia ikasteko. Historia euren eskolako geletan, leihoetan, ateetan idatzi da. Astelehen goizean zenbait irakaslek korapiloa eztarrian eta malkoak begietan erantzun beharko zieten haurren galderei: nork bota du eskolako atea? Baina polizia gaiztoak ziren? Polizia zintzoak ere bazeuden, orduan? Baina suhiltzaileek ez dituzte suak itzaltzen eta katuak erreskatatzen?

Haurrei ondo zer dagoen eta zer ez dagoen jakiteak segurtasuna ematen omen die. Arauak behar dituzte txikiek. Hazteko eta garatzeko ezinbestekoa dute mugak ezagutzea, ongiaren eta gaizkiaren arteko marra non dagoen jakitea. Baina uste dut hezitzaileok —guraso zein irakasle— gehitxo tematzen garela lerro hori ondo zehazten: “Hau ez da egiten”, “hori egitea ez dago ondo”, “hura bai ume zintzoa”… Mundua zuri-beltzean marrazten diegu. Agian hori da zenbait adinetan behar dutena: arauak ondo ezagutzea. Baina legezkotasunaren mugak ondo irakasten dizkiegun arren, zilegitasunarenak bakarrik ikasiko dituztelakoan geratzen gara lasai. Ez diegu esaten legezkoa ez dela beti zilegi, eta zilegi dena ez dela beti legezko. Legeak gizon-emakumeek jarriak direla —sarriago gizonek—, eta ez zerutik eroriak edo jainkoak harrizko tauletan idatziak. Ikusi izan dut desilusioa gaztetxoen begietan, botere judizialaren atzean interes politikoak daudela ohartzean. Legea amarrua dela jakitean. Politikariek norbere intereserako erabiltzen dutela ikustean. Neurri-neurrirako errefraua dute gaztelaniaz: Quien hizo la ley hizo la trampa. Hizkuntza bakoitzak bere hiztunen pentsaera adierazten omen.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.