Kepa Peñagarikanok utzi egin du pilotako material hautatzaile postua

Uztarria.eus 2017ko urr. 4a, 20:19
Kepa Peñagarikano. (Urola Kostako Hitza)

Lanarekin ezin duelako bateratu hartu du erabakia. Lau eta erdiko txapelketaren aurkezpenean jakinarazi zuten enpresek albistea. "Pilota profesionalean hemen bukatuko da nire ibilbidea, momentuz. Baina gustatuko litzaidake umeak entrenatzen-edo aritzea, harra asetzeko", adierazi dio Uztarriari Peñagarikanok.

Kepa Peñagarikano (Azpeitia, 1981) ez da jada esku pilotako material hautatzailea. Ia bi urte aritu da eginkizun horretan –2015eko abenduan hartu zuen kargua–, baina lanarekin ezin duelako bateratu hartu du uzteko erabakia. Anbulantzia gidaria da Peñagarikano eta, Uztarriari azaldu dioenez, "lehen uda partean aritzen nintzen anbulantziekin, baina orain denbora gehiago eskatzen dit. Ezin ditut biak bateratu, eta lanbidearen aldeko apustua egitea erabaki dut".

Badira pare bat hilabete pilota enpresei bere asmoen berri eman ziela. Atzo, lau eta erdiko txapelketaren aurkezpenean, eman zuten albistea, eta azpeitiarraren lekua beteko duena aurkeztu zuten: Martin Alustiza pilotari ohi eta Aspeko intendente ohia.

"Pilota profesionalean hemen bukatuko da nire ibilbidea, momentuz. Baina gustatuko litzaidake umeak entrenatzen-edo aritzea, harra asetzeko", adierazi dio Uztarriari Peñagarikanok.