Gazteei zuzendutako alokairu sozialeko 45 etxebizitza eraikiko dituzte Esklabetan

Uztarria.eus 2017ko urr. 4a, 19:47
Esklabetako eraikinaren alde honetan egingo dituzte etxebizitzak.

Esklabetako eraikinaren alde batean eraikiko dituzte etxebizitzak, Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egin duten hitzarmena tarteko. Gehienez, bost urtez alokatu ahal izango dira etxeak, eta lanak 2018an hastea aurreikusten dute bi erakundeek.

Esklabetako eraikinaren alde batean, jolastokiaren gunean, gazteei zuzendutako alokairu sozialeko 45 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena erdietsi dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Azpeitiko Udalak. Gainera, udalak atzo egindako udalbatzarrean onartu zuen hitzarmena, eta, orain, Etxebizitza Sailari dagokio hitzarmena sinatzea eta proiektua martxan jartzeko izapideak egitea.

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ohar bidez aurreratu dutenez, proiektuaren helburua da Loiolako Inazio Hiribidean dagoen Esklabetako eraikinaren hegal bat eraberritzea eta hari erabilera publikoa eta soziala ematea. Helburu hori bete ahal izateko, Azpeitiko Udalak eraikinaren zati hori lagako dio Eusko Jaurlaritzari etxeak egin ahal izateko. 7.951 metro koadroko eremu horretan egingo dituzten etxebizitzak, gehienez, bost urtez alokatu ahal izango dituzte herritarrek; izan ere, udalak eta jaurlaritzak esan dute etxebizitza horiek eraikita "gazteen emantzipazioa sustatu eta lagundu" nahi dutela.

Proiektuak 3.620.000 euroko aurrekontua du, eta eraikina eraberritzeaz gain, ingurua ere egokituko du Etxebizitza Sailak. Behin eraikina eginda, Alokabideren bidez kudeatuko dituzte etxebizitzak. Dagoeneko martxan da proiektuaren lehiaketa, eta bi erakundeen aurreikuspenak betetzen badira, 2018an hasiko dituzte etxebizitzak eraikitzeko lanak.

Udalak herriko etxebizitza beharren ikerketa bat egin du aurten, eta lan horretan Esklabetako eraikin publikoa eraberritzeko aukera aztertu eta ontzat eman dute. Horregatik, udalak esan du azpeitiarrek izango dutela gune horretan eraikiko dituzten alokairu sozialeko etxebizitzak alokatzeko lehentasuna. Dena den, proiektuaren gaineko zertzelada gehiago ez dute aurreratu erakundeek, eta Azpeitiko Udalak jakinarazi du bihar emango dituela proiektuaren gaineko xehetasunak.