Bertako produktuak sustatzeko asmoz, hainbat berrikuntza izango du Garagardo Azokak

Uztarria.eus 2017ko urr. 4a, 15:09
Udaleko eta Iraurgi SBko ordezkariak, gaur, aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

Ostiralean zabalduko ditu Garagardo Azokak ateak, eta Haimar Zubeldia txirrindulari ohia omenduko dute. Garagardo berri bat dastatzeko aukera izango da aurten. Urriaren 6an, 7an, 11n, 13an eta 14an zabalduko dute Azoka plaza.

Iraurgi Saskibaloi taldeak Azpeitiko Udalarekin elkarlanean Garagardo Azoka antolatu du, bederatzigarren urtez, datozen bi asteetarako. Azoka Plazan izango da urriaren 6an, 7an, 11n, 13an eta 14an, 19:00etatik 02:00etara bitartean, eta, egun horietan, garagardo mota desberdinak eta hainbat jaki dastatzeko eta musikaz gozatzeko aukera izango da. Aurtengo edizioak, gainera, hainbat berezitasun izango du: Azpeitiko Azoka Plaza berrituaren filosofiarekin bat eginda, bertako produktuak txertatu dituzte menuan.

Aurten, gainera, Haimar Zubeldia txirrindulari ohia omenduko dute azokaren irekieran –zarauzko bizilagunak aurten hartu du erretiroa–. "Haren emazte Josune gure ohorezko jokalarietako bat izan zen, eta txirrindulariaren ibilbidea goraipatu nahi dugu", esan du Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgiko koordinatzaileak. Hori hala, Talentua, apaltasuna eta lana eta izen bat: Haimar Zubeldia jartzen duen oroigarria emango diote txirrindulari ohiari. Era berean, klubeko talde guztiak aurkeztuko dituzte ostiralean, 19:00etan.

Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak adierazi du Azoka Plazak lehenengo sektorearen eta herriko eragileen elkargunerako "erreferentzia" izan nahi duela, eta horren adibide izango da etzi zabalduko duten azoka. Bertan ekoitzitako produktuak sustatzea da Azoka Plazaren helburua, eta Garagargo Azokak filosofia horrekin egin du bat, Elduienen esanetan. Hala, aurten eskainiko dituzten jakien artean, Basatxerri solomoa eta Lumagorri oilaskoz egindako hanburgesak egongo dira. Datozen urteetan, berriz, herrian ekoitzitako garagardoak eskaintzen hastea du helburu klubak.

Ohikoez gain, aurten, garagardo mota berri bat dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Munichen (Alemania) egiten den Octoberfest jairako garagardo berezi bat egin ohi du Paulaner etxeak, eta, hain justu, garagardo hori eskainiko dute Azpeitiko Garagardo Azokan. Antolatzaileek azpimarratu dute hamasei urtetik beherakoei ez dietela alkoholdun edaririk salduko.

Larunbatean azokan afaldu nahi dutenek arratsaldean bertan edo ostiral gauean egin ditzakete erreserbak, eta azokan eman beharko dute otordu horretarako izena.

Maier Lizaso klubeko lehendakariak udalari eta azokan lan egingo duten boluntarioei eskerrak eman dizkie, "haiek gabe ez zelako posible izango azoka antolatzea". Aurten, "inoiz baino gehiago" animatu dituzte herritarrak azokara joatera.